Ertzaintzak kamioien eta autobusen ikuskapena indartuko du maiatzean

0

Ertzaintzak kamioien eta autobusen zaintza eta kontrola indartuko ditu maiatzaren 10etik 16ra bitartean, eta arreta berezia jarriko du salgai arriskutsuak errepidez garraiatzen dituzten ibilgailuetan, jarduera hori arautzen duen Europako akordioari (ADR) jarraituz.

Garraio-unitate bakoitzak ezingo du atoi bat edo erdi-atoi bat baino gehiago eraman. Horrez gainera, ibilgailuaren dokumentazioa, plaken eta seinale laranjen erabilpena, sua itzaltzeko baliabideak, ekipamendu ezberdinak eta norbera babesteko ekipamenduak ere aztertuko dituzte.

Kamioien nahiz autobusen kasuan, egiaztatuko da baimendutako gidatze-orduak gainditzen diren eta ezarritako atsedenaldiak egiten diren, eta takografoak funtzionatzen duen edo manipulatu egin den erregistroak faltsutzeko eta polizia-kontrolak saihesteko. Autobusen kasuan bidaiariek segurtasun-uhala jantzita duten ere zainduko da.

Bestalde, maiatzaren 18tik 20ra bitartean era guztietako kamioien pisua zainduko da, eta baimendutakoa baino zama handiagoa daramaten eta zama ongi lotuta dagoen egiaztatuko dute.

Kanpaina hauek Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2021-2025 Plan Estrategikoaren helburuei erantzuten diete, planaren xedea izanik, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcueraren hitzetan, “istripuen tasa murriztea Zero Biktima Ikuspena lortzearren, bide-segurtasuna, trafikoaren arintasuna eta erakundeen eta herritarren erantzunkidetasunean oinarritutako mugikortasuna sustatzearen bidez”.  

Era honetako aurreko kanpainan 352 ibilgailu ikuskatu zituzten, eta horietatik 18 ibilgetu zituzten. Bestalde, 153 arau-hauste erregistratu ziren, gehienak gidatze-orduak gainditu izanarekin edo atsedenaldia murriztu izanarekin (76) eta dokumentazioaren irregulartasunekin (32) lotuta.

Kamioiak eta autobusak zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainak trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urte osorako programatutako 46 kanpainen egutegiaren barruan sartzen dira.