Fernando Cossio kimikariarentzat 2020ko Euskadi Ikerkuntza Saria

0

2020ko Euskadi Ikerkuntza Saria UPV/EHUko Kimika Organikoa I Saileko Katedradun (2002) eta Ikerbasqueko zuzendari zientifiko Fernando Cossio kimikariak jasoko du, epaimahaiaren erabakiz. Zientzia eta Teknologia arloan entzute handiko lau ikerlarik osatutako epaimahaiak aho batez onartu du Cossio kimikariaren aldeko ebazpena, 25. edizio honetan aurkeztutako hamabi hautagaien artean aukeratzeko goiza elkartuta eman ondoren. Ebazpena izan bezain laster, Jokin BIldarratz Hezkuntza sailburuak sarituari berari eman dio erabakiaren berri, telefono bidezko solasaldian.

Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bikoitietan –hau da 2020ko deialdiaren kasua- Zientzia eta Teknologia modalitatean egiten da deialdia; urte bakoitietan aldiz, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen arloko profesionalen lana aitortzen du sariak. Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hau ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin.

Fernando Cossio Mora

Fernando Cossio irakasleak (San Martin de Villafufre , Kantabria, 1960) Kimika Bioorganikoaren eta Modelizazio Molekularraren alorrean ekarpen nabarmenak egin ditu.

Bere lanaren ardatza karbono-karbono loturen erreakzio periziklikoak eta eraketa izan da, bai konputazionalki bai metodologia esperimentalen bidez. Arlo horretaz gain, onkologian erabilgarriak diren molekula bioaktiboen diseinu eta sintesi kimikoan ere lan egiten du, minbiziaren tratamendurako farmakoen aurkikuntzan eta sintesian bereziki interesatuta.

Fernando Cossío Kimika Zientzietan lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean (1982) eta Kimika Zientzietan doktorea UPV/EHUn (1986). Talenceko CNRSn (Franztia) eta UCLAn (Estatu Batuak) ikerketa-egonaldiak egin ondoren, 1988an Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatean sartu zen, eta bertako katedraduna da 2002tik.

Cossío irakaslea oso inplikatuta egon da Euskadin zientziaren aurrerabidean eta kudeaketan, eta hainbat kargu bete ditu, Kimika Zientzien Fakultateko dekano gisa (1999-2001) eta UPV/EHUko Ikerketa eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreorde gisa (2001-2003). Gaur egun, 2009tik aurrera, Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioko zuzendari zientifikoa da.

Zientzialari gisa, Cossio irakaslea nazioarteko erreferentetzat har daiteke Diziplina Anitzeko Kimikan. Jatorrian kimikari organiko sintetikoa izanik, arazo zientifikoen enfokea ikuspegi kimiko posible guztien arabera lantzen du, erreakzioan inplikatutako oinarrizko mekanismoa hobeto ulertzea eta erreakzioan aldaketak nola egin daitezkeen ulertzea bilatuz, arazoarentzat emaitzarik onena lortzeko helburuarekin eta garatzen duen zientzia bikainaren balizko aplikazioak bilatuz. Jarrera horren ondorio garrantzitsu bat patente ugari izatea eta horiek spin-off deiturikoak sortzeko erabiltzea da, tumore-tratamendu desberdinetan aplika daitezkeen konposatuak lortzeko.

Azkenik, Cossio irakaslearen azken aldiko lanak funtsezko ondorioak ditu, ez bakarrik Kimikan, baita Zientzian eta, ziur asko, unibertsoaren gure kontzeptuan eta ulermenean ere. Gaur egungo fisikako ikerketaren funtsezko gai bat konpontzera bideratutako lan honek (neutrinoa bere partikula propioa izan daitekeela, alegia) Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC) Synergy Grant saria jaso du aurten. Aipatzekoa da dirulaguntza horiek munduko lehiakorrenak direla, eta benetan salbuespenezkoak diren eta kontzeptuak hausten dituzten ideiei bakarrik ematen zaizkiela.

Diziplina anitzeko lana

Cossio Mora irakaslearen lan zientifiko bikainaz gain, epaimahaiak bere ikerketa eta irakaskuntza ibilbide bikaina goraipatu du, baita nazioarteko erreferente bihurtu den ikerketa talde bat sortu eta zuzendu izana ere. Era berean, bere ikerketa-lana nabarmendu du, maila eta ikusgarritasun handiko argitalpen askotan islatu dena, bai eta nazioarteko garrantzi handiko proiektu askotan ikertzaile nagusi gisa parte hartu izana ere. Sarituak diziplina anitzeko lana egin du argi eta garbi, kimika sintetikoa, konputazionala, bioteknologia eta fisika bezalako arloak barne hartzen dituena, eta oso lagungarria izan da ezagutzan aurrera egiteko eta ikerketa eta garapen teknologikorako metodologia berritzaileak garatzeko. Halaber, epaimahaiak Euskadiko ikerketa-programetan izan duen lidergoa, zientzialari gazteen prestakuntza eta zientzia-dibulgazioko jarduerak nabarmendu ditu.