«Euskal sektore publikoa etengabeko bilakaeran dago 2025eko Euskadiko Eraldaketa Digitalaren Estrategia deitu dugunaren esparruan; 1.400 milioi euroko inbertsioarekin, ikuspegi kolektiboarekin pentsatuta dago eta gizarte osoan eragina izango du». Ideia hori partekatu du Eusko Jaurlaritzako Finantza eta Aurrekontu sailburuordeak gaur Meridan Administrazio Publikoaren digitalizazioari buruz egin den jardunaldian. Hernando Lacallek bide telematikoz hartu du parte, Extremadurako eta Balear Uharteetako autonomia-erkidegoekin batera.
Ildo horretan, Lacallek jardunaldi honetan gogorarazi duenez, 2014an Funtzio Publikoko Sailburuordetza Euskal Autonomia Erkidegoko langile guztientzako Giza Baliabideen kudeaketa-sistemak berrantolatzeko eta osorik berritzeko prozesuan zegoen (EIZU proiektua). Aldi berean, kudeaketa ekonomikorako eta aurrekontu-informaziorako sistema berri bat ezarri da, Eika izenekoa, Eusko Jaurlaritzaren EJIE enpresa publikoaren S/4 Hana plataforman.
SAP S/4HANA orain arteko SAP sistema informatikoaren («Systems, Applications, Products in Data Processing») bertsio aurreratua da, eta azken urteotan sektore publikoan ezarri da, kudeaketa- eta plangintza-tresna gisa.
«Orain errealitate bihurtu arte sendotzen joan diren proiektuak dira, eta Euskal Administrazio Publiko moderno eta eraginkorra lortu dugula baieztatzeko aukera ematen digu», nabarmendu du sailburuordeak, «SAP plataforma bidelagun bikaina izan da, nolabait esatearren, Eusko Jaurlaritzan murgilduta gauden eraldaketa digitalean. Erronka bikoitza dugu aurrean: eragile berritzailea izatea eta beharrezkoa den eraldaketa horren motorra izatea».
Hernando Lacallek gogorarazi duenez, martxoan Europako Batzordeak «2030erako Iparrorratz Digitala: Hamarkada Digitalaren Bide Europarra” izeneko komunikazioa aurkeztu zuen. Adierazpen horrek, bere ustez, jarraitu beharreko estrategia erakusten du: «Ikusten dugun bezala, bide guztiek etorkizuna ez, baizik eta oraina den eszenatoki batera garamate, digitalizazioaren eskutik».
Ildo horretan, joan den abenduan, Eusko Jaurlaritzak «Euskadi Next 21-26» programa onartu zuen, hiru foru-aldundiekin eta hiru euskal hiriburuetako udalekin koordinatuta. Programa hori Espainiako Gobernuari bidali zaio, eta honek Europara eraman du, eta Euskadiko Ekonomia Berreskuratu eta Eraldatzeko 16 Proiektu Estrategiko (PERTES) identifikatzen ditu.
Europako balizko finantziazioak, euskal administrazioen aurrekontu propioek eta inbertsio pribatuak emandakoarekin batera, 1.189 milioi euro bideratuko lirateke digitalizaziora, eta 2.605,7 milioi euro aktibatuko lirateke Euskadin datozen 5 urteetan. Euskadi Nextek trantsizio digitalera bideratutako neurriak % 21 dira.