Eusko Jaurlaritzak finantzaketa publikoa duten tratamendu medikoekiko atxikipenari bide emateko laguntzak eskatzeko epea ireki du

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Tratamendu medikoekiko atxikidura bermatzeko, eta agindutako medikazioa hartzeari inork ez diola arrazoi ekonomikoengatik utziko bermatzeko diru-laguntzak eskaintzen ditu Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak ezarritako koordainketa farmazeutikoaren aurrean. Gobernu Kontseiluak argi berdea eman die laguntza horiei, eta eskabideak aurkezteko epea irekita egongo da EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. abenduaren 10era arte.

Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak koordainketa farmazeutikoaren aurka une oro erakutsi duen jarrera dute testuinguru; Euskadi Estatuan lehen erkidegoa izan zen errenta baxuko pertsonentzako eta talde ahulentzako (pentsiodunak, langabeak, egoera irregularrean dauden etorkinak…) konpentsazio-neurriak ezartzen, pertsona batek ere agindu dioten medikazioa motibo ekonomikoengatik hartzeari uzten ez diola bermatzeko.

Gaur iragarritako deialdia, 2020 ekitaldian, 2020ko abenduaren 1aren eta 31ren arteko gastu-aldiari dagokiona da, eta, 2021 ekitaldian, 2021eko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartekoa.

Laguntza hauek hasi zirenetik –zortzigarren urtez jarraian eman dira–, 669.000 eskabide baino gehiago izapidetu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta 37 milioi eurotik gora eman du; kopuru horri 2021eko aurrekontuetan esleitutako 7.429.800 euroak gehitu behar zaizkio (horiek handitu daitezke, beharrik egonez gero). Iaz, 2020an –urte berezia pandemia dela eta–, Eusko Jaurlaritzak 4.102.173 euro bideratu zituen guztira 2019ko deialdiko bigarren epeari eta 2020ko deialdiko lehen epeari dagozkien laguntzen onuradunentzat.

Nabarmendu behar da 2021ean areagotu egin dela farmazia-ekarpenik egin behar ez duten kolektiboen kopurua. Hala ere, pertsona horien eguneratzea 2021eko urtarrilaren 1aren ostean egin zenez, pertsona horiek eskabideak aurkeztera animatzen ditugu, 2020ko abenduan eta 2021ean haien egoera aldatu den egunera arte eginiko ordainketak itzultzeko.

Osasun Sailak eskabidea Interneten bidez izapidetzea gomendatzen du, Eusko Jaurlaritzaren webguneko honako helbide hauetan: https://www.euskadi.eus/servicios/336316 eta https://www.euskadi.eus/servicios/0336315. Aurrez aurre aurkeztu nahi bada, Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetzaren osasun-zentroetan eta Zuzenean Herritarrei Arreta emateko Zerbitzu Bulegoetan aurkeztu ahalko da.

Laguntza horien onuradunak honako hauek izango dira: Gizarte Segurantzako pentsiodunak eta haien onuradunak, baldin eta urteko errentetan 18.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak badituzte eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako osasun-txartel indibidualaren titular badira; langabeziako lege-egoeran daudenak eta haien onuradunak, baldin eta urteko errentetan 18.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak badituzte eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako osasun-txartel indibidualaren titular badira; lanagatiko diru-sarreren errenta osagarriaren modalitatean diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako osasun-txartel indibidualaren titular diren pertsonak, eta Espainiako estatuan egoiliar gisa erregistratuta eta baimenduta ez dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoak emandako eskubide horren aitorpena egiaztatzeko dokumentua duten atzerritarrak.

Bi eskabide modalitate daude: sinplifikatua, nagusiki OTI txartela duten eta Euskadiko farmazietan gastu farmazeutikoak egin dituzten pertsonei zuzendua, eta arrunta, Euskaditik kanpoko farmazietan gastu farmazeutikoak egin dituzten pertsonei zuzendua, baita MUFACE, MUGEJU eta ISFASeko mutualistei ere.

Eskatutako laguntzak bi epetan ordainduko dira (2021eko hirugarren hiruhilekoan eta 2022ko lehen hiruhilekoan), baina, eskabidea 2021eko uztailaren 15aren ondoren aurkezten bada, ordainketa bakarra egingo da, 2022ko lehen hiruhilekoan.