2,1 milioi euro bideratu ditu Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketako eremu estrategikoetan jarduera-ildoak garatzeko

0

Gobernu Kontseiluak gaurko saioan onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeei zuzendutako dirulaguntzatarako deia egiten duen Agindu bat.

2.145.800 euroko zenbatekoa duen deialdi honen helburua da itunpeko ikastetxeetako irakasleek parte hartzea, 2021-2022 ikasturtean, Lanbide Heziketarako estrategikotzat jotzen diren esparruetako jarduera-ildoetan. Honako plan hauetan jasotzen diren jarduera-ildoez ari gara: Lanbide Heziketako V. Euskal Plana; Euskal Hezkuntza Sistemako Digitalizazio Iraunkorreko eta Sistema Adimendunen Plana; eta Euskadiko Lanbide Heziketako Trantsizio Berderako Plana.

Beraz, deialdiaren xedea da Lanbide Heziketaren eremuan eraldaketa digitalari eta eraldaketa berde zein jasangarriari erantzuna ematea, irakasleek Hezkuntza Sailak bultzatutako jardueretan eta proiektuetan parte hartuz. Irakasleek jarduera horietan parte hartzeak berekin dakar profesional hauek beren gaitasunak indartzea, teknologikoki oso aurreratuak diren inguruneei erantzuteko. Gainera, Lanbide Heziketak enpresei laguntzen parte hartzea sustatzen du, batez ere enpresa txiki eta ertainei laguntzen, eta enpresei eskainitako estaldura handitzea lortzen du. Era berean, irakasle horiek gaitasun digital handiagoa lortzen dute, irakaskuntza-ikaskuntza prozesu berritzaileak eta jasangarriak sustatzeko. Era honetan, jarduera horien bidez irakasleek jasotako gaitasuna eta balioak Lanbide Heziketako ikasgeletara eta ikasleenganaino iritsiko dira.

Hurrengo ikasturterako deialdi honen xede diren jarduerak, eta beraz, liberatutako irakasleek parte hartuko dutenak, eremu estrategiko hauetan multzokatzen dira:

-Berrikuntza aplikatua

-4.0 testuinguruko ikaskuntza

-Elkarlaneko adimena eta malgutasun eraldatzailea

-Berrikuntza teknologikoa eta sistema adimendunak

-Biozientziak eta garapen jasangarria

-Egitura organiko espezializatuak

Dirulaguntza deialdi honen bidez jasoriko zenbatekoak pertsonal gastuetarako izango dira, dela ordezko irakasleak kontratatzeko, dela ikastetxean jardunean diren irakasleen kontratuak luzatzeko.