Zirkulazio-istripuek eragindako heriotzak jaitsi egin dira eta laneko istripuek gora egin dute

0

Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak (AMEI) 2020. urteari dagokion urteko memoria aurkeztu du. Aurtengo datuak aztertzeko orduan, garrantzitsua da pandemiak markatutako urtea izan dela kontuan hartzea.

Txostenean jasotako datuen arabera, 2020an zirkulazio-istripuek eragindako heriotzak % 30 murriztu dira aurreko urtearekin alderatuta; guztira, 48 kasu zenbatu dira. 2013. urteaz geroztik, heriotza mota horiek beheranzko joera izan dute. Aldiz, kasualitatezko istripuek, hilketek eta lan-istripuek eragindako heriotza kopuruak gora egin du, % 13,86, % 27,27 eta % 83,33, hurrenez hurren. Heriotza guztiei dagokienez, patologia zerbitzuak aurreko urtean baino 1008 kasu gehiago aztertu ditu, iaz baino % 8 gehiago.

Etorkizunera begira, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua Medikuntza Irakaskuntzarako Unitate bat sortzeko lanean ari da, eta Osasun Ministerioaren erantzunaren zain dago berau martxan jartzeko. Unitate berri horrekin, AMEIk prestakuntza espezializaturako beharrezko tresna izango luke. Helburua ikerketa-programak garatzea da, prestatzen ari diren pertsonek ezagutza metodologikoak eta teknikoak eskura ditzaten. Horrez gain, ezpezialitateen bidez AMEIk Auzitegi Medikuntzari bultzada eman nahi dio.

Zentzu horretan, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren zuzendaritzak azpimarratu du oso garrantzitsua dela auzitegi-medikuntza espezialitate baten bidez bultzatzea; izan ere, auzitegi medikuntza berak metodologia eta eduki tekniko eta zientifiko guztiz espezifikoak ditu, eta ezin da horietara sartu Medikuntzako Lizentziadun gisa soilik trebatuta.