Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek foru-agindu berriak adostu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin batera, zeinak zentro soziosanitarioetan covid-19a zaindu eta kontrolatzeko protokoloa eguneratu baituen. Hala, mendekotasun-egoeran dauden edo ezgaitasuna duten hiru lurraldeetako pertsonentzako egoitza-zentroetako bisiten eta irteeren marko berritu bat ezarri da, pertsona egoiliarrek beren senide eta hurbilekoekin aurrez aurreko harremana izan dezatela bermatuko duena.
Adosturiko neurri berriak egoera berrira egokitzen dira, zentroetako egoiliarren eta langileen eta 60 urtetik gorako herritarren txertaketan emandako aurrerapenaren ondorioz, eta alarma-egoera amaitu ostean.
Erabiltzaileak egunero irten ahal izango dira zentrotik, nahi izanez gero, eta irteerak lehenetsiko dira bisiten gainetik. Segurtasun-neurriak zorroztu beharko dira uneoro, eskuak garbitzeaz gain, maskara erabili beharko da, eta zentroak erabakiko du zer ordutegi bete behar den sarrera eta irteeren kontrola ezartzeko. Halaber, ibilaldi terapeutikoak lehenetsiko dira, irteeretan espazio itxi eta jendetsuak saihestuz.
Egoitza dagoen udalerriaren komunitate-intzidentzia gorabehera, irteerak ez dira etengo. Egoitzan agerraldi bat edo antzeko egoeraren bat gertatzen bada bakarrik etengo dira.
Bisitak egoitza-zentroetan
Egoiliarrak zentroan bertan hartu nahi baditu senitartekoak edo hurbilekoak, astean gutxienez hiru bisita egin ahal izango dituzte. Topaketa horietan, segurtasun neurriak zorroztu beharko dira, maskara erabili beharko dute, eskuak garbitzeaz gain. Bizikidetza-burbuilei eusteko, bisitak horretarako berariaz egokitutako guneetan egingo dira, eta bi pertsona sartu ahal izango dira aldi berean. Kasu horretan ere zentroak erabakiko ditu ordutegiak, eta gehienez ordubeteko iraupena izango dute.
Baldintza horiek salbuetsi egin ahalko dira egoiliarra bizitzaren amaieran dagoenean, edo haren egoera kognitiboek egoera ulertzea eragozten diotenean. Kasu horietan maiztasun handiagoak eta iraupen luzeagoak baimendu ahalko dira, eta bisitak jaso ahalko dira logeletan.
Txertaketa prozesuaren aurrerapenak nabarmen murriztu ditu kasu positiboak agertzea, gaixotasunaren larritasuna eta hilgarritasuna. Horregatik, erakunde eskudunek, foru aldundiek, Osasun Sailaren laguntzarekin, egoiliarrek beren senideekin aurrez aurreko harremanak zabaltzea erabaki dute, funtsezko elementutzat jotzen baitituzte egoiliarren osasun fisiko eta emozionalerako.
Era berean, erakundeetako arduradunek gogorarazi dute beharrezkoa dela neurriak zorrozten jarraitzea, txertaketak ez duelako erabat ezabatzen kutsatzeko arriskua. Ildo beretik, prebentzio-neurriei eusten zaie, eta astero txertoa hartu ez duten erabiltzaile eta langileei PCR proba bat egitea gomendatzen da.