Etxe tutelatuak eraikitzeko obrak lehiaketa publikora atera ditu Azpeitiko Udalak

0
Elizkale 24, 26 eta 28 etxe-atarietan 12 etxebizitza tutelatu egingo ditu Azpeitiko Udalak. Obrak lehiaketa publikora atera berri ditu. Azpiegitura hori eraikitzean, lehen aldiz izango da etxe tutelatuen zerbitzua herrian.Gaur egun adinekoei udalak zuzenean eskaintzen dizkieten zerbitzuak osatzera etorriko dira etxebizitza horiek. Orain arteko azterketak aintzat hartuta egin da proiektua.

Azpeitiko Udalak jarri du abian epe laburrean herrian etxe tutelatuak izatea ahalbideratuko duen lehiaketa publikoa. Martxoan eman zuen jakitera herrian adinekoei eskaintzen zaizkien zerbitzuen baitan etxe tutelatuen zerbitzua jartzeko proiektua zuela. Hala, dagoeneko etxeen exekuzioa abian da. Obrek 1.341.936,55€ ko gehienezko aurrekontua izango dute eta eslaipendunak 18 hilabeteko epean bukatu beharko du azpiegitura. Obrak gauzatzeko eskaintzak egiteko epea maiatzaren 20an bukatuko da.

Beharrei erantzuteko, zerbitzu berria

Datozen hamarkadan emango den gizartearen zahartze nabarmena aintzat hartuta Azpeitiko Udalak hainbat ikerketa eta azterketa egin ditu. Urtez urte 65 urtetik gorako herritarren egoera aztertzeko, adin tartetako azterketak ere egin dira. Eta iaz, azterketa prospektibo bat eta zerbitzuen eta beharren analisia ere egin zuen.

“Azterketek diote, gizartea zahartzen ari den bezala, behar eta zerbitzu berrien falta izango dela. Gaur egun, Azpeitian zerbitzu aurrerakoiak ditugu menpekotasuna prebenitzeko. Eta bide horretan sakontzen jarraituko dugu”, adierazi du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Etxe tutelatuak ere, bide horretan garatuko dira: “Etxe tutelatuak, laguntza behar duten, baina menpekotasunik edo menpekotasun gutxiko herritarrei zuzendutakoak izango dira. Zerbitzu horren bidez, erabiltzaileen bizi kalitatea hobetuko da”, zehaztu du.