Euskadi Next 2021-2026 Programaren ikuspegia partekatzeko Eusko Jaurlaritza Sareen Sarearekin bildu da

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritza Euskadiko Hirugarren Sektore Sozial osoa biltzen duen «Sareen Sarea» elkartearen ordezkaritza batekin bildu da gaur, osteguna, Euskadi Next 2021-2026 Programaren ikuspegia partekatzeko eta Hirugarren Sektoreko proiektuak bertan jasotzeko bideak aztertzeko, Estatuak Europako funts horiek eskuratzeko orain arte ezarritako planteamenduak kontuan hartuta.

Jordi Campás Europako Ekonomia eta Funtsen sailburuordeak eta Yurdana Burgoa Ekonomia eta Ogasun Saileko Kabineteko zuzendariak programa horren bigarren bertsioa egiteko eman dituzten pausoen berri eman diete elkarte horretako ordezkariei. Programa horren bidez, Europako funtsak lortu nahi dira, eta topaketaz baliatu dira sare horrek lantzen dituen proiektuak hurbilagotik ezagutzeko. «Sareen sarearen» aldetik, Borja Doval presidentea, Soraia Chacon presidenteordea, Mikel Barturen koordinatzailea eta Itziar Fernandez Europako gaietan aditua izan dira bileran.

Bilera hau Ekonomia eta Ogasun Saila Euskadiko beste administrazio publiko batzuekin eta solaskide sozial eta ekonomikoekin egiten ari den aldizkako topaketen barruan kokatzen da, Euskadi Next 2021-2026 Programan sar daitezkeen eta egiturazko aldaketa ekar dezaketen proiektuak ezagutzeko eta erresilientzia ekonomiko eta sozialean, iraunkortasunean, epe luzerako lehiakortasunean eta enpleguan eragin iraunkorra izateko.

Sareen Sarearekin egindako bileraren atariko, atzo, asteazkena, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna izan zen, eta, besteak beste, sare horrek euskal gizartearekin duen konpromisoaren dimentsioa eta maila nabarmendu ziren. Euskal Behatokiaren azken Liburu Zuriaren arabera, Hirugarren Sektoreak 4.000 erakunde biltzen ditu, 30.000 profesional baino gehiago eta 160.000 boluntario inguru.

Datorren astean aurkeztuko da Euskadi Next 2021-2026 programaren bigarren bertsioa, eta Gobernu Kontseiluak onartuko du. Horren ostean, alderdi politiko guztiei jakinaraziko zaie Legebiltzarrean, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak egingo duen agerraldian.