Eusko Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertainei zuzendutako 2021eko laguntza-plana aurkeztu die Azpeitiako enpresei

0

Eusko Jaurlaritzak gaur goizean aurkeztu die Azpeitiako enpresei Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak enpresa txiki eta ertainentzako prestatutako 2021eko laguntza-plana. Iraurgi Berritzen Agentziarekin elkarlanean antolatutako ekitaldia Azpeitiako Basazabal Jauregian egin da, eta hogeita hamar enpresa baino gehiagok parte hartu du, bertatik edo streaming bitartez.

SPRI Taldeko Zuzendari Nagusi Aitor Urzelaik, Leyre Madariaga, Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendariak, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendari Mikel Amundarainek, BTI – Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren zuzendari Ainhoa Ondarzabalek, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari Iñigo Ansolak, Ihobe-ko zuzendari Alex Botok, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Javier Plasenciak bakoitzari dagokion arloko programa zehaztu dute, enpresek beren beharretara ondoen egokitzen dena aurkitu dezaten.

2021eko enpresa txiki eta ertainentzako laguntza-planak 68 programa biltzen ditu —433 milioi euroko aurrekontuarekin—, kalitatezko enplegua sortuz ekonomia suspertzeko helburuarekin eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko garapen jasangarria ere kontuan hartuz. Laguntzen % 40 I+G+b programetara bideratuko da, baina, besteak beste, nazioartekotzeko, ekintzailetzarako, energia-kudeaketarako eta ekonomia zirkularrerako laguntzak ere emango dira.

Informazio gehiago: katalogo digitala

Atxikitako argazkian, esker eskubi:

  • Javier Plasencia, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria
  • Ainhoa Ondarzabal, BTI – Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren zuzendaria
  • Mikel Amundarain, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendaria
  • Begoña Beobide, Iraurgi Berritzeneko zuzendaria
  • Aitor Urzelai, SPRI Taldeko Zuzendari Nagusia
  • Leyre Madariaga, Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendariak
  • Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria
  • Alex Boto, Ihobe-ko zuzendaria