Azpeitiko Udal Udalekuetarako hezitzaileen lan poltsa osatzeko prozesua abian da

0
Azpeitiko Udala hasi da aurtengo Udal Udaleku irekien barne antolaketan. Aurtengorako asmoa, betiere ezarritako neurriak zorrotz betez, udalekuak ohiko formatuaren antzeko eran antolatzea da. Udalekuetarako datak dagoeneko zehaztu dira: ekainaren 21etik uztailaren 16ra bitartean eskainiko da zerbitzua. Ekintzak ohiko ordutegian burutuko dira, eta, behar duenarentzat, zaintza zerbitzua ere izango da. Udalekuetarako hezitzaileen lan poltsa osatzeko prozesua ere abian da; maiatzaren 28a bitartean bidali daitezke curriculumak.

Begiraleen lan poltsa

Udalekuan aurrera eramateko, ezinbestekoak dira begiraleak eta heziketa behar berezietan adituak; eta lan-poltsa osatzeko prozesua abian jarri du udalak. Hortaz, udalekuetan lan egin nahi dutenek maiatzaren 28a, ostirala, baino lehen beren curriculuma hbidali beharko dute gib@azpeitia.eus helbide elektronikora. Baloratuko diren jakintzak honakoak izango dira:

• Begirale titulua izatea.
• EGA edo bere baliokidea izatea.
• Hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak izatea edo burutzen egotea.
• Lan eskarmentua antzeko lanetan.

Horretaz gain, azpeitiarra izatea lehenetsiko da. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 943 15 71 60 telefono zenbakira.

 

Izen ematea, laster

Izen-ematea maiatzaren 24tik 28ra bitartean izango da (bi egun horiek barne); datozen egunotan, ikastetxeen bidez banatuko da izen emateko informazioa. Egoerak bultzatuta, aurtengo izen-ematea online egin beharko da, baina Gazte Informazio Bulegoan edozein zalantza argitzen lagunduko dio hala behar duenari.