Pandemiak eragin handia izan du Euskal Autonomia Erkidegora iristen diren atzerritar jatorriko biztanleengan. 2021eko urtarrilaren 1ean atzerrian jaiotako 246.501 pertsona zeuden Euskadin, aurreko urtean baino 4.777 gehiago. Horrek adierazten du, 2019-2020 aldiarekin alderatuta, % 75,9 egin zutela atzera iritsierek, Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiak egin duen “COVID-19aren eragina EAEko atzerritar jatorriko pertsonengan” begiradatik ondorioztatzen denez.
Migrazio-fluxuen geldialdi horrek ez du eragin bera izan jatorri guztietan. Latinoamerika izan da eraginik handiena jasan duena termino absolutuetan; izan ere, azken urteotan emaile nagusia izan da. Horrela, 2019 eta 2020 artean 14.116 pertsona iritsi ziren EAEra Latinoamerikatik, eta 2020 eta 2021 artean 3.873. Horrek adierazten du iritsierek % 72,6 egin zutela behera.
Lan-dimentsioari dagokionez, pandemiaren lehenengo olatuarekin batera nabarmen murriztu zen Euskadiko atzerritar jatorriko pertsona aktibo eta okupatuen bolumena, eta gora egin zuen horien langabezia-tasak, gainerako biztanleen kasuan bezala. Hala eta guztiz ere, hurrengo hilabeteetan atzerritar biztanleen bolumena oso azkar leheneratu zen, eta urtea amaitzean datuak 2019koak baino hobeak ziren. Generoa kontuan hartuta, COVID-19ak eragin handiagoa izan du emakume atzerritarrengan, eta kasu horretan langabezia-tasa gizonena baino nabarmen da handiagoa oraindik ere.
Atzerritar jatorriko biztanleentzat gogorrena izan den aldia, 2020ko otsailetik apirilera bitartekoa, sakonduz gero, ikusten da atzerritarren Gizarte Segurantzako afiliazioak % 7,8 egin zuela behera. Bestalde, 2020ko apirilean otsailean baino 6.225 kontratu gutxiago (% 59,4 gutxiago) sinatu ziren, eta zerbitzuen sektorea izan zen kaltetuena.
Euskal gizartearen jarrerei dagokienez, COVID-19ak eragin duen krisi sanitario, ekonomiko eta psikosozialari erantzun dio egoera zailean dauden pertsonekiko ulerberagoa eta solidarioagoa izanda eta immigrazioarekiko jarrera toleranteagoak erakutsita. Alde horretatik, begi onez ikusten ditu osasun-laguntza behar duen edozein pertsonak, jatorria edozein izanik ere, osasun-laguntza hori jasotzea (% 91,0) edo gizarte-laguntzak behar dituenak laguntza horiek jasotzea (% 65,0), bai eta premia-egoeran lanpostuak betetzeko ezohiko erregularizazioak egin ahal izatea ere (% 72,7).