Emakunderen ikerketa batek bederatzi euskal herrik jaietan berdintasuna bultzatzeko dituzten estrategiak aztertu ditu

0
PRUEBA

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak «Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak» ikerketa argitaratu du. Bertan, bederatzi euskal herritan garatutako aldaketa-prozesuak aztertzen dira, jaietako eredu parte-hartzaileagoa eta berdinzaleagoa ekarriko duten estrategiak, gomendioak eta erronkak identifikatzeko.

Gasteiz, Amurrio, Laudio, Bilbo, Berriz, Gernika, Donostia, Tolosa eta Antzuolako jaietan berdintasuna bermatzeko egin diren aldaketak aztertzen ditu azterlanak, eta erakusten du jaietako balio, tradizio eta ohituren transmisioak ez duela aitzakia izan behar praktika diskriminatzaileei eusteko. Hala, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogorarazi duenez, «berdintasuna bermatzeko jaiak eguneratzea ezinbestekoa da justizia sozialari dagokionez eta horrela eskatzen dute emakumeek, mugimendu feministak eta gizarte osoak».

Margaret Bullen, Lidia Montesinos eta Begoña Pecharroman ikerlariek dokumentazio-lan sakona egin dute, eta jaien antolaketan eta berdintasunaren sustapenean parte hartzen duten pertsona askoren laguntza izan dute.

Azterlana tokiko jaien kasuen azterketan oinarritzen da, lurralde bakoitzeko hiru herritako jaiak aztertu dira, eta bereziki nola ekin dioten egokitzapen-prozesu bati emakumeen eta gizonen berdintasunezko parte-hartzea ahalbidetzeko. «Espero dugu ikerketa honetan jasotako esperientziak pizgarri izatea beste herri batzuek ere jaiak gure garaiko errealitate sozialera egokitzeko aukera izan dezaten», adierazi du Emakundeko zuzendariak.

Aldaketa-prozesu horiek burutzeko sortutako estrategiak identifikatzen dira azterlanean. Estrategia horien artean daude adostasun-akordioak, parekidetasuna sustatzeko ekintzak, bai erakundean bai jardueretan, baita genero-estereotipo oso markatuak erreproduzitzen dituzten jaietako pertsonaiak aldatzea.

Txostenak jasotzen dituen erronken artean, udalerri bakoitzeko jaietan berdintasunaren inguruan hausnartzeko eta lan egiteko gune bat sortzea proposatzen da. Laborategi moduko bat, gero udal behatokien sare bat sortzeko, non berdintasuneko eta jaietako teknikariak eta politikariak inplikatuko diren, ikaskuntza kolektiboko espazioak ahalbidetzeko.

Jai-ereduari genero-ikuspegitik heltzeaz gain, azterlanak udal teknikariak prestatzeko eta berdintasunaren arloko legeria aplikatzeko gomendioak jasotzen ditu, emakumeen presentzia bermatzeko parte-hartze eta berdintasun handiagoko jai-eredu batean.

 

Aldaketa-prozesu inspiratzaileak

Aztertutako aldaketa-prozesuak lurralde bakoitzeko hiru adibideri dagozkie.

Araban, Gasteizko Blusen eta Nesken Batzordeak berdintasun-taldea sortzeko egindako lana nabarmendu da. Horrez gain, Amurrioko San Joan jaien aldaketari aurre egiteko sortutako erakunde arteko mahaia ere baloratu da. Eta Laudioko inauterien alternatiba sorginaren figura tradizionalari eusteko, baina sinbolo positibo bihurtuz.

Bizkaiko Emakumeen Asanbladak Bilboko Aste Nagusian duen konpartsa erreferente bat da aldarrikapen feministak jai herrikoi pluralen ardatz izan daitezkeela erakusteko. Bizkaian ere, Berrizko Dantzari Dantzan emakumeen partaidetzan adostasuna lortzeko egindako prozesu parte-hartzailea nabarmendu da. Gernikako Marijesen antzeko kasua, non herritarrek koru misto baten osaera beren gain hartu duten.

Donostiako Udalaren jarrera erabakigarria izan zen San Sebastian eguneko ekitaldietan emakumeak festan sartzeko izan ziren aldaketei pixkanaka heltzeko, Kresala elkartearen bultzadarekin batera. Gipuzkoan, Antzuolako Mairuaren Alardea berritzeari ere ekiten zaio, parte-hartze prozesu baten ondoren. Tolosa ere aitzindaria izan da Inauteri eta San Joan jaietako jarduerak berdintasunean aurrera egiteko lan-eremutzat hartzen.