Euskadiko espetxe ereduak lehenengo urratsa eman du

0

Euskadiko espetxeetako eguneroko jardunean parte hartzen duten Hirugarren Sektoreko hogei bat elkarte izan dira Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak antolatutako jardunaldi teknikoan. Beatriz Artolazabalen sailak balorazioak eta iritziak entzuteko hasi duen prozesuko lehenengo topaketa izan da gaurkoa. Prozesuan Martuteneko, Zaballako eta Basauriko  espetxeetan bizi diren ia mila presoekin egunero lan egiten duten eragileek parte hartuko dute.

“Gaur Euskadiko espetxe-ereduaren etorkizuneko zumeak jartzen hasiko gara, eta iritziak entzuteko abian jarritako prozesu honen bidez, hain zuzen ere, gure kartzeletako espetxe-sistemaren premiak, hobetu beharreko arloak, indarguneak eta ahulguneak aztertu nahi ditugu”, adierazi du Artolazabal sailburuak.

Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egin den Euskadiko Espetxe Eredua jardunaldi teknikoa bi zatitan bereizi da. Alde batetik, lehenengo zatia jendearentzat irekita egin da eta streaming bidez zuzenean eman da, eta bertan ponentzia bat eta bi komunikazio azaldu dituzte. Bigarren zatia ateak itxita egin da, eta elkarteen iritziak eta balorazioak jakin dira banakako esku-hartze laburren bitartez.

Berriztu, Gizakia, IRSE, Goiztiri Elkartea eta ADAP dira topaketan parte hartu duten elkarteetako batzuk. Elkarte horiek presoekin kartzeletan lan egiten dute, edo arrazoi medikoak edo legalak direla-eta irten behar izaten dutenean laguntzen diete edo biktimekin edo zigortuekin lan egiten dute Justizia Errestauratiboaren arloan.

Gainera, elkarte horietako batzuek esperientzia luzea dute gazte justiziaren eta eragindako kaltea errestauratzearen arloan. Horrela bada, sailburuak azpimarratu duen bezala, gazteekin egindako lana helduen justizia-ereduaren ispilu da.

“Gure kudeaketa pertsonetan oinarrituko da. Euskadiko Gazte Justiziaren Sisteman Hirugarren Sektore Sozialeko eragile ugari daude inplikatuta, eta horixe da oinarritzat hartu behar dugun eredua. Gazteen delinkuentziak pixkanaka behera egin du azken urteotan; heziketa eta birsozializazioa dira prebentziorako eta berriz erortzea saihesteko dauzkagun tresnarik onenak”, adierazi du Beatriz Artolazabalek.

Bestalde, sailburuak gogorarazi du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak kartzeletako bizitzan parte hartzen duten eragile guztiekin egingo dituela bilerak, bai sindikatuekin, bai beste sail eta erakunde batzuekin, bai biktima-elkarteekin, kolektibo horien proposamenak aztertzeko eta, hala badagokio, euskal ereduari gehitzeko.

Tapiaren ponentzia eta bi komunikazio

Jaime Tapia Eusko Jaurlaritzako espetxeetako aholkulariak Euskadiko ereduaren lehentasunezko lerroak ponentziarekin parte hartu du jardunaldian. Sailburuaren aholkulari zuzena izendatu zutenetik epaileak egin duen lehenengo agerraldi publikoa izan da.

Tapiak azaletik aztertu du Beatriz Artolazabalek joan den asteartean Gobernu Kontseiluan aurkeztu zuen eta, handik ordu batzuetara, sailburuak berak egindako agerraldi-eskaera batekin batera, Eusko Legebiltzarraren eskuetan jarri zuen Euskadin espetxe-eredua ezartzeko oinarriak dokumentua.

“Eskumena, jakinaren gainean, Gizarte Politiketako Sailari izendatu izanak argi uzten du norantz goazen”, esanez hasi da Tapia. Eta honela jarraitu: “Ñabartu behar dugu ez dugula espetxe-eredu bat estricto sensu izan nahi, baizik eta zigorrak eta askatasun gabetzeko segurtasun-neurriak eta beste era batekoak integratuko dituen zigor-exekuzioko eredu bat ezarri nahi dugula”.

Magistratuak ponentzian adierazi du asmoa dela “erdi-askatasuneko erregimenak, hirugarren gradu ezberdinak eta baldintzapeko askatasuna indartzea”. Horixe da dokumentuan jasotako helburuetako bat, eta, gainera, honako azalpena ematen da: “ikuspegi zientifikotik finkatutako ideia da, eta horixe da gure abiapuntua, erregimen horietatik arrakasta handiagoa izaten dela askatasun gabetuta dauden pertsonak gizarteratzean”. Horrela bada, erakundeen arteko lankidetzaren, Eusko Jaurlaritzako sailen arteko koordinazioaren eta Hirugarren Sektoreko erakundeekin elkarlanean jardutearen aldeko apustua egin da.

Tapiak hitz batzuk izan ditu biktimentzat ere, eta egiarako, justiziarako, memoriarako, erreparaziorako eta elkartasunerako dituzten eskubideak aipatu ditu. “Helburu nagusietako bat delituen biktimen eskubideak babestea eta euren premiei erantzutea da. Alde horretatik, epaia eman osteko Justizia Errestauratiboa, bere modalitate eta arlo ezberdinak, lirateke helburu hori lortzeko biderik egokiena”.

Esku-hartzean aholkulariak jarduera-lerroak azaldu ditu, eta genero-ikuspegia, adingabeak, osasuna (bereziki osasun mentala) eta adimen-desgaitasuna aipatu ditu, besteak beste. Era berean, kondena luzeei buruz esan du “erronka” bat direla eta “egoera berezia” aztertu egin beharko dela gizarteratzea eta birsozializatzea ahalbidetzeko.

Tapiak hitz batzuk izan ditu kartzeletan lan egiten duten langileentzat ere: “Espetxeetako funtzionarioek eta langile lan-kontratudunek egiten duten lana goraipatu eta indartu nahi dugu, exekuzio-eredu honen protagonistak diren aldetik”.

Esku-hartzeen lehenengo saio honen ondoren, Gema Varona Kriminologiaren Euskal Institutuko doktore ikertzaile iraunkorrak bere komunikazioa azaldu du, eta Justizia Errestauratiboa zer den azaltzeaz gainera, nazioarteko estandarrak eta horren eraginkortasuna aurkeztu ditu.

Azkenik, María Ruíz Torrado UPV/EHUko irakasleak Emakume presoak eta genero-ezberdintasuna espetxe-esparruan izeneko komunikazioa azaldu du. Eta horixe da, hain zuzen ere, Euskadiko etorkizuneko espetxe-ereduak landuko duen zutarrietako bat.