Eusko Jaurlaritzak San Isidro eguna ospatu du

0

San Isidro eguna dela eta, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek, Oiharte landetxea eta sagardotegia bisitatu du Gipuzkoako Zeriain udalerrian, Landa eta Itsasertz Garapen eta Europear Politiketako zuzendari Jone Fernandezekin batera.

Eusko Jaurlaritzak lehen sektorearen etorkizunerako funtsezkotzat jotzen dituen balioen adierazgarri da enpresa familia hori, izan ere, tradizioa modernitatearekin eta jasangarritasunarekin uztartzen ditu, nekazaritza jarduera landa ingurunea garatzeko oinarria da eurentzat, eta belaunaldi berritzearen alde egiten dute.

 

GAZTENEK programa

Belaunaldi berritze hori bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiekin batera, GAZTENEK programa aitzindaria jarri zuen martxan duela 15 urte. Lehen sektorean ekintzailetza babesteko zerbitzu integrala eskaintzen du programak.

2015az geroztik, GAZTENEK programari esker guztira 511 pertsona sartu dira lehen sektorean: 148 Araban, 194 Gipuzkoan eta 169 Bizkaian. Ia erdiak emakumeak dira, eta gehienek 25-40 urte dituzte. Barazkiak, ardogintza eta esnetarako behiak dira gehien eskatzen diren azpisektoreak.

Bisitan, anfitrioi lanetan aritu dira Maria Luisa Garraztazu, nekazal turismoko arduraduna, Haritz Eguren semea eta Maite Retolaza, bertako sagarra eta sagardo bereziak egiten dituen Eusko Label sagardoa ekoizten duen sagardotegiaren sorrerarekin dibertsifikatu den negozio familiarraren ordezkoak.

 

OIHARTE SAGARDOTEGIAri buruz

Oiharte sagardotegia Maite Retolaza Ojangurenek eta Haritz Eguren Urrestarazuk zuzentzen duten enpresa gaztea da, 2010ean hasi baitziren sagardoa merkaturatzen.

2002an Oiharte baserria zaharberritu zuten, eta landetxe bihurtu zuten.  Landetxea Nekaturreko kidea da, eta erosotasun moderno guztiak ditu; halere, ez du galdu XVI. mendeko baserriaren espiritua.

Aurrerago sagardotegia eraiki zuten eta sagardoaren inguruan esperientzia zabala eskaintzeko aukera izan zuten. Sagardoa sagar autoktonoarekin egiten dute eta Euskal Sagardoa bakarrik ekoizten dute, euren baserriko eta Goierriko beste baserrietako fruituak erabiliz. Txalaka, Gezamiña, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki eta Errezilla barietateak erabiltzen dituzte batez ere.

Tradizioari eta produktuari dieten errespetuaz gain, berrikuntzarekiko duten interesa ere bada Oiharte Sagardotegiaren ezaugarria,  prozesuak modernizatu eta eskaintza dibertsifikatu baitute, sagardotik eratorritako produktu sorta zabala eskaintzeko. Horien artean, azpimarratzekoak dira latako Euskal Sagardoa (formatu berritzaile horretan ontziratzen dutenetik zati bat kanpoko merkatuetara bideratzen dute, hala nola AEBra), sagar zuku ekologikoa eta izotzezko sagardoa.