Motor-gidarien kolektiboan istripuak gutxitzeko sentsibilizazioa indartuko du Eusko Jaurlaritzak

0

Eusko Jaurlaritzak bide-segurtasuna sustatzeko sentsibilizazio-politikak garatzen jarraitzen du, batez ere kolektiborik zaurgarrienak, horien artean, motor-gidariak, babesteko.

2019an Euskadiko errepide-sarean motorrean zihoazen 16 pertsona hil ziren eta 2020an, mugikortasunean ezarritako murrizketek markatu duten urtean, 9. 2021ean, orain arte, 7 hil dira: lau Gipuzkoan; lurralde honetan otsailean, bost egunetan, hiru hildako izan ziren hiru istriputan. Beste bi istripuak Bizkaian gertatu ziren.

Adierazi behar da Euskadin 136.700 motor baino gehiago daudela 2019ko datuen arabera, eta 2015. urtearekin alderatuta % 14,5 gehiago dira. Ibilgailu guztiak kontuan hartuta, motorrak % 10 dira.

Kolektibo honetan biktima-kopurua murrizteko helburuarekin, Jaurlaritza Jar zaitez nire gurpiletan izeneko ikuspegi partekatuko estrategia bat lantzen ari da, motor-gidariak eta beste era bateko ibilgailuak gidatzen dituzten pertsonak harremanetan jartzeko, errepidea toki seguruagoa izateko helburuarekin. Ekimena 2018an jarri zen abian herritar anonimoekin, eta orain kirolaren, aisialdiaren, kulturaren, gastronomiaren edo kazetaritzaren munduko aurpegi ezagunak, bide-segurtasunaren arloan sentsibilitate berezia dutenak, batu zaizkie.

Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak, Alfonso Ruiz eta Leire Arana motor-gidariek lagunduta, Jar zaitez nire gurpiletan estrategiari gehitu zaizkion beste hiru elkarrizketa aurkeztu ditu gaur. Hauek dira solaskideak:

  • Oihane Albizuri motokroseko pilotua eta África Baeta
  • Julian Iantzi telebistako aurkezlea eta Edurne Pasaban
  • Kandido Uranga aktorea eta David de Jorge

Elkarrizketa horietan, besteak beste, honako gai hauei buruz egiten dute hausnarketa: errepidean gehiegizko konfiantzak dituen arriskuak, motor-gidarien kolektiboarekin lotutako estereotipoak edo bizitza nola alda daitekeen instant batean gidatzen ari garen bitartean.

Hiru elkarrizketak aurretik prestatutako gidoirik gabe grabatu ziren, bat-batean eta modu naturalean, joan den irailean Topic – Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroan. Parte-hartzaile guztiek eskuzabaltasunez jardun dute sentsibilizatzen eta arduraz gidatzea sustatzen laguntzeko, arrisku-portaerak alde batera utz daitezen eta errepidea toki segurua izan dadin.

Ekimena EiTBko kanaletan emango den publizitate-kanpaina baten bidez eta Eusko Jaurlaritzaren web-orrien eta sare sozialen bidez zabalduko da, oihartzun handiagoa izan dezan.

Bestalde, Jar zaitez nire gurpiletan estrategiak beste hainbat ekintza ere barne hartzen ditu, horien artean zilindrada ertaineko eta txikiko motozikletak segurtasunez gidatzeko ikastaroak, motor-gidariek trebeagoak izaten ikas dezaten teoriaren eta praktikaren bidez. Aurten ikastaro horiek irailean emango dituzte Arkauten, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak dekalogo berri bat ere prestatu du motozikletak segurtasunez gidatzeko aholkuekin. Joan den otsailean bakarka joatean segurtasunez gidatzeko gomendioak biltzen zituena argitaratu zen, eta orain taldeko irteeretarako dekalogoa argitaratu da, eta bertan, besteak beste, azpimarratzen da eskarmenturik handiena duten pertsonek zein posiziotan joan behar duten, hobeto mugitu ahal izateko taldeak zenbaterainokoak izatea komeni den, edo komunikazioa eta mugimenduei aurrea hartzea.

Ekimen horiek guztiek Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako 2021-2025 Plan Estrategiko berrian hartutako konpromisoari erantzuten diote, helburua baita istripuen tasa, bereziki kolektibo zaurgarriena, jaistea Zero Biktima Ikuspenarekin.