Gometegui Industrial enpresak 6 milloi euro inbertituko ditu Laudioko lantegian eta 30 pertsona kontratatuko ditu

0

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, gaur, Gometegui Industrial enpresaren instalazioak bisitatu ditu, Laudion. Industria astunerako osagai metaliko handietan eta energia berriztagarrietan dago espezializatuta enpresa, eta instalazio berrietan 6 milioi euro inbertitzea eta 30 pertsona kontratatzea aurreikusten du.

Javier Zarraonandia Industria sailburuordea eta Mikel Amundarain Industria eta Trantsizio Energetikoko zuzendaria sailburuarekin izan dira, eta enpresaren ordezkaritza Diego Sanchez Moreno konpainiako zuzendari nagusi eta bazkideak, Jesus Gonzalez Delgado gerenteak eta Jorge Sanchez Moreno bazkideak osatu dute.

Gometegui Industrialek nazioarteko bezero handiak erakartzeko egiten duen ahalegina nabarmendu du Tapiak bisitan, baina, batik bat, Aiaraldearekin duen konpromisoa azpimarratu du, bertan enpresaren jarduerak aberastasuna eta lana baitakartza.

Gometegui Industrialena ematen ari diren trantsizioen eskutik iritsiko diren aukera berrien adibideetako bat da. Aukera horiek Eusko Jaurlaritzaren Basque Green Deal hitzarmenak ere jaso ditu. Kasu honetan, trantsizio energetikoa, energia garbien aldeko apustua, deskarbonizaziorako funtsezkoak direnak, bultzada ekonomikoa eta enpleguaren sorrera izan dira.

Enpresa duela 40 urte baino gehiago sortu zen; beste jabetza bati esleitu zitzaion 2018ko urrian, hartzekodunen konkurtsoaren ondoren. Jabetza berriak honako erronka honi jarraitu dio: jarduerarekin jarraitzea eta merkatuen dibertsifikazioan eta eragiketa-bikaintasunean oinarritzen den hazkuntzako plan estrategiko handia abian jartzea. Urteotan, jarduerari eta lanpostuei eustea ez ezik, beste 10 kontratu mugagabe sartzea eta aldi baterako beste 28 kontratazio egitea ere lortu dute.

Egindako lanari esker, sektore eolikoko eta hidroelektrikoko eta meatzaritza-sektoreko nazioarteko bezero handien arreta ere erakarri dute, eta, hala, hazkuntza- eta hedapen-aldiari egin ahalko diote aurre datozen urteotan, aukera berri horiei erantzuteko. Gometegui Industrialek, gaur egun, 4 nabe estali dauzka, 10.000m2 baino gehiagoko azaleran, eta 200 tona arte altxatzeko gaitasuna.