Irungo udalean udaltzain berriak kontratatzeko deialdiaren hizkuntza eskakizunek egungo legedia errespetatzen dute

0

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingorako 12 lanpostuko deialdi publikoa egiteko emandako epaia aztertu ondoren, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak adierazi nahi du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren aldeko txostena duela hizkuntza-eskakizunak jasotzen dituen Irungo Udaleko lanpostuen zerrendak, derrigortasun-datak jasotzen dituenak, indarrean dagoen legeria betetzen duelako. Era berean, Irungo Udalak onartutako Euskararen Erabilera Planak ere Sailburuordetza honen aldeko txostena du. Horregatik guztiagatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babesa ematen dio Irungo Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian errekurtsoa aurkezteko hartutako erabakiari.

Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen 86/1997, Apirilaren 15eko DEKRETUAk dioenaren arabera, udaltzaingoko lanpostuek lehentasuna dute jendaurrekoak direlako eta, beraz, funtsezkoak direlako herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko.

Aipatutako dekretuak arautzen du nola ezarri behar diren lanpostuetako derrigortasun-datak eta erakunde bakoitzak ezarri beharreko gutxieneko kopurua (tokian tokiko euskaldunak + ia euskaldunak/2). Horretarako ez da kontutan hartzen euskararen erabilera maila baizik eta zenbat herritarrek dakiten euskaraz. EUSTATek 2016an argitaratutako datu ofizialen arabera, Irungo biztanleen % 60,32k daki euskaraz; hau da, 2016an Irunek zituen 58.315 biztanleetatik 35.179k zekiten euskaraz.

Irungo kasuan, euskara jakitearen ehuneko horrek lotura estua du udaltzain lanpostua lortzeko euskara jakiteko betebeharrarekin. Gaur egun, Irunen 88 udaltzain daude plantillan eta 59 kasutan euskararen ezagutza egiaztatu behar da, hau da, %67an. 2020ko datuen arabera, Irungo Udaltzaingoko 34 lanpostutan euskara jakitea ez da baldintza lanpostua lortzeko.

Kontutan izanda udaltzainek herritarrekin dituzten harreman ia guztiak ahozkoak direla eta Iruneko biztanleekin ez ezik inguruko udalerrietakoekin ere jardun behar izaten dutela, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak egoki ikusten du Irungo udalak epaiari errekurtsoa jartzeko hartu duen erabakia.