Osakidetzak ohiko kirurgia programatuari ekin dio berriro

0

Osakidetzak ohiko kirurgia programatuari ekin dio berriro, Covid-aren intzidentziak asistentzia-eremuan izandako inpaktuaren ondorioz pasa den apirilaren 26an eten ondoren. Ebakuntza kirurgiko horiei, nagusiki premiazkoak ez direnei, berriro heldu zitzaien, pixkanaka, pasa den astean, eta, gaur, astelehenean, egiazta daiteke jarduera kirurgiko programatuari Osakidetzako sare osoan heldu zaiola berriro.

Gogorarazi behar da gaur arte premiazko ebakuntzak, onkologikoak eta atzeraezinak soilik egiten ari zirela. Hala erabaki zen, apirilean kritikoen unitateek izan zuten okupazio altuaren ondorioz. Hala ere, ospitaleratze-kopuruan Covid-agatiko infekzio-kopuruaren beherakadaren ondorioz egon den jaitsierak aukera eman du ospitale-zentroek beren jarduera pixkanaka berreskuratzen joateko.

Une hauetan, Osakidetzak ZIUen Kontingentzia Planaren 3. egoeran jarraitzen du –5 egoera jasotzen ditu planak–.  Egoerak kezkagarria izaten jarraitzen badu ere, gaur egun Osakidetzako ospitale-sareak kritikoen 368 ohe ditu zabalik, eta, haietatik, % 39,6 Covid-aren ondoriozko konplikazioengatik ospitaleratutako pazienteek okupatzen dituzte: 146 ohe, guztira. Gogorarazi behar da pasa den apirilaren 26an 192 ohe zeudela okupatuta, kopuru osoaren % 53.