Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa UPV/EHUen, BECen, FICOBAn eta Iradier Arenan egingo da

0

Datozen ekainaren 8an, 9an eta 10ean (ohiko deialdian) eta uztailaren 6an, 7an eta 8an (ezohiko deialdian) egingo dira 2021-2022 ikasturtean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioko azterketak. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak elkarlan estuan jardun dute ikasturte osoan, USE proba osasun-bermerik handienekin burutu dadin.

Egungo egoera aintzat hartuta, unibertsitate publikoak eta Hezkuntza Sailak ohi baino egoitza kopuru handiagoa mantendu dute azterketak osasun-baldintzarik onenetan egin daitezen. Horrela, aurtengo proban, EHUren hiru campusetako ohiko egoitzei beste hiru batuko zaizkie: BEC Bizkaian, FICOBA Gipuzkoan eta Iradier Arena Araban.

Iazko esperientzia positiboa gogoan, ordutegia berregin da aurten ere higiene-, segurtasun- eta antolaketa-neurriak betetzen direla bermatzeko, bai eta ikasleen itxaronaldiak eta atsedenaldiak hobetzeko ere. Parte-hartzaileek azterketa egiteko behar duten idazmahaiko materiala eraman beharko dute, nork berea, (boligrafoak, erregelak, kalkulagailua…), eta ezarritako gutxieneko segurtasun-distantzia mantendu beharko dute, aldi oro. Maskara uneoro erabiltzea ere nahitaezkoa izango da. Ikasgelara sartu aurretik, pertsona guztiek eskuak garbitu beharko dituzte urarekin eta xaboiarekin, edo geletarako sarbideetan jarritako soluzio hidroalkoholikoarekin. Dagokion epaimahaiko buruak edo idazkariak emandako jarraibideak bete beharko dira beti.

USE azterketak berregituratzea

Bestetik, COVID-19aren pandemiak sortu duen ezohiko egoera dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Hezkuntza Sailak, 2020an egin bezala, USEko gaien azterketen berregituraketa mantentzea adostu dute. Funtsean, berregituraketa datza azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitzean, aukera emanez nahasteko, modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketa bakoitzaren A eta B aukeretako galderak. Ereduak, orientabideak eta ebaluazio zein zuzenketa irizpideak ikasturte hasieran ezarri ziren, eta probarako erabili ohi direnak dira.