Euskadiren Bruselako Ordezkaritza inauguratu zenetik 25 urte bete dira

0

2021 honetan 25 urte bete dira Euskadik Europar Batasunerako Ordezkaritza sortu zuenetik. Era berean, 35 urte bete dira euskal instituzioek Europar Batasuneko instituzioen aurrean presentzia dutenetik. 1996. urtea berebizikoa izan zen Euskadiren kanpo-ekintzan, bere Ordezkaritza inauguratu baitzen Bruselan. Hala, euskal instituzio eta eragileen presentzia indartu zen, Europa mailako erabakiak hartzen diren gune nagusian. Ordezkaritza ezinbestekoa bihurtu da Europar Batasunean Euskadiren interesak defendatzeko, baita lan-tresna gisa ere, euskal interesak eta Euskadiren eragina Europar Batasunaren agendan txertatzeko.

Urteurren hau markatzeko, hainbat ekimen eta jarduera egingo dira, Europar Batasunaren agendan jasotako lehentasunekin batera eta Euskadiren kokapenari mesede egiteko asmoz. Besteak beste, Europaren Etorkizunari buruzko eztabaidan Euskadiren ahotsa entzuteko ekitaldi batzuk antolatuko dira Eurobaskekin batera. Horrez gain, Euskadi ikusgai egiteko ekitaldi batzuk egingo dira urteurren honetan, trantsizio klimatiko, energetiko eta digitala modu inklusiboan lantzeko xedez. Euskal eragileekin eta Europar Batasuneko kideekin egingo diren jarduera eta ekimenetan ondorengo hauek landuko dira, besteak beste: ekonomia biziberritzea, klima-aldaketara egokitzea, kultura eta sormena berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin uztartzea New European Bauhaus-en bidez, ekonomia zirkularra, espezializazio adimenduna eta etorkizuneko erronkei erantzuteko beharra.

Europar Batasunaren politikak gero eta konplexuagoak direla kontuan hartuta, eragileei balio erantsi izugarria ematen dien egitura bilakatu da Ordezkaritza, haiek Europar Batasuneko instituzioekin dituzten harremanetan. Gainera, Euskadin ekonomia-, hezkuntza-, politika-, gizarte- eta kultura-arloan zein beste hainbat arlotan ditugun jardunbide egokien erakusleiho gisa funtzionatzen du. Bide horretan, ezinbestekoa izaten jarraitzen du kide eta sare europarrekin batera egindako lanak, eta baita Europar Batasuneko instituzioekiko lankidetzaren fidelizazioak ere.

Hainbat gauza antolatu izan dira Ordezkaritzaren bulegoetan: lan-bilerak, topaketak agintari publikoekin eta proiektu eta ekimen europarretan ari diren elkarteekin, konferentziak, prentsaurrekoak… Era berean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzen topagune gisa ere funtzionatu izan du, ordezkaritza horiek, kasu askotan lehendakaria buru zutela, urteotan zehar Bruselara bidaiatu izan dutenean. Belgikan bizi den euskal komunitatearentzako topagune ere izan da.

Azken 25 urteotan Europar Batasunak kide europarrekin batera emandako babesa ezin hobea izan da maila guztietan. Horri esker, aberastasuna sortu da, garapen jasangarriaren alde egin da, enplegua sortu da, berrikuntza landu da, kultura sustatu da eta lehiakortasuna hobetu da ekonomia-arloan.

 

Euskadiren Bruselako Ordezkaritza: Europaren aldeko bokazioa

Eusko Jaurlaritzaren egitura instituzionala atzerriko ordezkaritza-sarearen parte da eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren menpe dago. Europaren aldeko bokazioaren erakusgarri izateaz gain, Euskadik Europar Batasun sendo, solidario, berritzaile, jasangarri, integratzaile, anitz eta kohesionatua sortzeko lanean parte hartzeko eta ardura izateko borondatea duela ere erakusten du. Ordezkaritzaren egoitza Brusela erdi-erdian dago eta 1996ko otsailean inauguratu zuen Ardanza lehendakariak.

1996az geroztik asko aurreratu da interes sozioekonomiko, profesional eta sektorialen defentsan eta kontsolidazioan. Hala, euskal herritar guztien ongizatea hobetu da, Europar Batasunak eskaintzen dizkigun onurak zabalduz, zubiak eraikiz, Europar Batasuneko instituzio eta kideekin lankidetzan arituz, Europa eraikitzeko prozesuan parte hartuz eta Europa Euskadira hurbilduz.

Ordezkaritzak funtzio asko ditu, besteak beste, Europar Batasuneko instituzioen aurrean Euskadiren eta egoitza Bruselan duten organo eta erakunde anitzen interesak ordezkatzea. Era berean, Europar Batasunaren lege-ekimenen jarraipena egiten du, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenei eragiten dienean; Europar Batasuneko instituzioekin harremanetan jartzen ditu euskal agintaritzak zein eragileak; eta azkenik, Europar Batasunean aritu nahi duten erakunde publiko zein pribatuei aholkularitza teknikoa eskaintzen die eta haiei laguntza emateko logistika-zentro gisa ere funtzionatzen du.