Elankidetzak bi dirulaguntza emango ditu mesoamerikako giza eskubideen defendatzaileak babesteko eta hainbat gatazka konpontzeko

0

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman die eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzeneko bi dirulaguntza berriri. Alde batetik, 160.000 euro emango ditu Mexikon eta Erdialdeko Amerikan giza eskubideen defendatzaileak babesteko, eta, bestetik, 250.000 euro indarkeria murrizteko eta gatazkak prebenitzeko Afrikako Laku Handietan eta Mozambiken, Venezuelan eta Sri Lankan.

Erdialdeko Amerikako eskualdean –El Salvador, Guatemala, Honduras, Mexiko eta Nikaragua– ugaritu dira giza eskubideen defendatzaileen aurkako erasoak eta mehatxuak, eta, bereziki, emakume defendatzaileen aurkakoak. Egoera hori, COVID-19a dela eta, arindu beharrean konplexuagoa bihurtu da. Hori dela eta, lehen dirulaguntza IM-Defensoras erakundeari laguntzera bideratuko da. Erakunde horrek eskualdean giza eskubideen defendatzaileen hainbat erakunde eta sare biltzen ditu. Dirulaguntza hori, arriskuan dauden defendatzaileak erantzutera eta arreta eskaintzera bideratuko da, baita haien ongizatea bermatu eta haien lana segurtasun baldintzetan mantentzera.

Gobernu Kontseiluak onartutako bigarren laguntza Dialogue Advisory Group (DAG) erakundeari zuzenduko zaio. Indarkeria murrizteko elkarrizketa politikoak, adiskidetzaren aldeko apustua eta talde armatuen desmobilizazioan eta armagabetzean aurrera egiten laguntzen duen erakundea da. Erakundeak lan egingo du, Afrikako Laku Handietan, Mozambiken, Venezuelan eta Sri Lankan elkarrizketa errazteko gobernuen, oposizioaren, talde armatuen eta nazioarteko erakundeen artean.

Aurreko urtetan, Eusko Jaurlaritzak babestu ditu bai IM-Defensoras eta baita DAG ere, giza eskubideen aldeko haien lanagatik eta bakeari egindako ekarpenagatik.