Euskadik 35 urte bete ditu Europar Batasunean  

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak aurten ospatuko du 25 urte bete direla Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritza sortu zenetik eta euskal erakundeek 35 urte eman dituztela Europar Batasuneko hiriburuan. Bruselakoa izan zen Eusko Jaurlaritzak atzerrian sortu zituen ordezkaritzetako lehena, eta mugarri bat izan zen Euskadiren nazioarteko ekintzan. Horrela, indartu egin zen bere erakundeen eta eragileen presentzia aktiboa erabaki komunitarioak hartzeko epizentroan.

Urteen poderioz, Bruselako Ordezkaritza, batetik, “bandera-ontzi” bihurtu da Europar Batasunean euskal interesak defendatzeko; eta, bestetik, erreferente ere bihurtu da euskal eragileentzat, Europar Batasuneko erakunde eta organoekin dituen harreman ugarietan. Bulego horietan lan-bilerak, enpresa‑topaketak, prentsa-agerraldiak eta abar egin dira. Halaber, topagunea ere izan da urte horietan Bruselara bidaiatu duten Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak —gehienak lehendakaria buru dutela— eta Belgikan bizi den euskal komunitatea elkartzeko.

Gainera, euskal ordezkaritza ofizialak Euskadi hainbat esparrutan garatzen ari den aukera-antena eta jardunbide egokien bozgorailu gisa funtzionatzen du, bai Europako erakundeen aurrean, bai Europako eta nazioarteko gainerako eskualdeen aurrean. Lan horretan, oraindik ere funtsezkoa da Europako bazkide eta sareekin batera lan egitea eta Europako erakundeekiko lankidetza fidelizatzea.

 Europazaletasuna

Euskal ordezkaritza ofizialaren 25 urteak ospatzeko, izaera europazalea duten hainbat ekimen eta jarduera aurreikusi dira urte osoan zehar egiteko. Ekimen eta jarduera horien helburua da Euskadiren ahotsa entzunaraztea Europaren etorkizunari buruzko eztabaidan.

Hala, euskal eragileen eta Europako bazkideen lankidetzarekin, jarduera‑programa bat antolatu da, honako hauek jorratzeko, besteak beste: ekonomiaren indarberritzea; klima-aldaketara egokitzea; berrikuntza eta iraunkortasunarekin lotutako kultura eta sorkuntza, New European Bauhaus erakundearen eskutik; ekonomia zirkularra; espezializazio adimenduna eta etorkizuneko erronkei erantzutea.

Ordezkaritza

Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren mendeko kanpo-ordezkaritzen sareko kide da. Ordezkaritza Bruselaren bihotzean dago eta Ardantza lehendakariak inauguratu zuen 1996ko otsailean.

Besteak beste, Euskadiren interesak ordezkatzen ditu EBko erakundeen eta Bruselan egoitza duten erakunde multilateralen eta organoen aurrean. Era berean, zeregin hauetaz ere arduratzen da: Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenei eragiten dieten Europako Erkidegoko legegintza-ekimenen jarraipena egiteaz; euskal agintarien eta eragileen eta Europako Erkidegoko erakundeen arteko harremanak ezartzeaz; eta Europako Erkidego mailan esku hartzeko asmoa duten erakunde publiko eta pribatuen aholkularitza teknikoaz,  laguntzarako zentro logistiko gisa.