Basquevolt proiektua Europa mailan kokatuko dute

0

Eusko Jaurlaritzak Basquevolt proiektua Europan kokatzeko estrategian aurrerapausuak emango ditu bihar, nazioarte mailako bi aurkezpenetan.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak CoRAI Automotive Intergorup Meeting, Eskualdeetako Europako Batzordearen topaketan parte hartuko du. Topaketaren eleburua da automobilgintzaren etorkizunari buruz eztabaidatzea.

Automobilgintzaren eta mugikortasunaren arloan klusterren, eskualdeen eta hirien arteko harremana lantzen eta sustatzen duen foro honetan, Tapiak Basquevolt proiektua balioetsiko du. Ekimen horren helburua da egoera solidoko gelaxken teknologia garatu eta industrializatu duen munduko lehen gigafaktoria izatea, Europa teknologia horren abangoardian kokatuz.

Eusko Jaurlaritzak, CIC EnergiGUNE Energiaren Euskal Erakundeak, bultzatutako ekimen publiko-pribatua da Basquevolt, eta Euskadiko enpresa-traktore garrantzitsuen interesa du.

Ildo beretik, bihar Madrilen, CIC EnergiGUNEk eta Eusko Jaurlaritzak, Nuria Gisbert zuzendari nagusiak eta Zigor Urquiaga Proiektu estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariak eta Alberto Fernandez Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak ordezkatuta, Basquevolt aurkeztuko diote Europako Batzordeko Harreman Instituzional eta Prospektiboetarako presidenteordeari Maroš Šefčoviči.

Aurkezpenean, proiektuaren deskribapena egingo da: helburuak, xede-merkatua, beharrezko baliabideak edo proiektuaren faseak. Baita aurreikusitako enpleguarena ere; izan ere, BASQUEVOLTeko gigafabrikak zuzeneko 869 lanpostu eta zeharkako 10.000 sortuko dituela espero da (horrelako ekimen batek behar bezala hedatzeko behar duen industria-, teknologia- eta prestakuntza-ekosisteman oinarrituta).

Gainera, uste da BASQUEVOLTekin lotutako ekosistema oso digitalizatua izango dela eta 4.0 industriaren ezagutza handia izango duela. Horrek eragin handia izango du langileen prestakuntzan, eta, horrela, etorkizun hurbilean Euskadirentzat bultzada izan daitekeen pertsonen kualifikazioa sustatuz.