Gobernu Kontseiluak 180 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura berri bat onartu du astearte honetan, egoera ahulean dauden eskualdeak edo lehentasunezko jarduera-eremuak bultzatzeko. Aurrekontu-izaerako neurri hori 2020-2024 aldirako Euskadiko Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko BERPIZTU programan sartutako ezohiko jarduera esanguratsu baten ondorio da, eta Eusko Jaurlaritzak horren berri eman zion programa horren Zuzendaritza Batzordeari joan den martxoaren 10eko bileran.
Jarduera honen helburua da trakzio-proiektu batzuk dinamizatzea egoera ahulenean dauden eskualdeetan edo lehentasunezko arreta eremuetan (Ezkerraldea-Meatzaldea, Enkarterri, Oarsoaldea eta Aiaraldea). Ezohiko inbertsio hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan helburu horietarako edo antzekoetarako ezarritako zuzkiduren osagarri izango da. Horretarako, 2021eko ekitaldian jarriko dira martxan trakzio-proiektuak, eta foru-aldundiekin, udalekin eta eskualdeko eragileekin lankidetzan gauzatuko dira 2021etik 2023ra bitartean. Orain arte definitutako proiektuak partaidetza- eta lankidetza-prozesu baten bidez hautatu dira. Prozesu horretan, eskualde bakoitzeko eragile ekonomikoek, sozialek eta erakundeek parte hartu dute modu erabakigarrian.
Gaur egun, Ezkerraldea-Meatzaldea, Enkarterri eta Oarsoaldea eskualdeetarako trakzio-proiektu batzuk aukeratu eta zehaztu dira, haien egingarritasunaren, espero den eraginaren eta kokapen estrategikoaren arabera identifikatuta. Aiarako eskualdeko trakzio-proiektuak identifikatzeko ere partaidetza-prozesu bat eta antzeko hautaketa-ariketa bat egingo da.
Trakzio-proiektu horiek hainbat kudeaketa-arlotan eragiten dute (Industria, Nekazaritza, Kultura, Enplegua, Lanbide Heziketa, Osasuna, Etxebizitza, Trenbide-azpiegiturak, etab.), eta 2021-2022 aldian gauzatu beharreko inbertsio-jarduera zehatzak dituzte jomuga, kasu batzuetan 2023ko ekitaldira zabal daitezkeenak.
Alde horretatik, Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen baimenak aukera emango du ezohiko ekimen hori abian jartzeko eta gauzatzeko behar diren baliabideak izateko, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia- eta finantza-legediaren eta aurrekontu-araubidearen baitan. Jarraipena BERPIZTU Programaren Zuzendaritza Batzordeak egingo du.