Mugiment kirol txartelarekin bat egin du Azpeitiko Udal Kirol Patronatuak

0
Azpeitiko Udalak bat egin du Mugiment Kirol Txartelarekin. Hala, Azpeitiko Kirol Patronatuko bazkideek programan atxikitutako beste 47 herrietako kirol instalazioak erabiltzeko aukera dute. Horretarako, ezinbestekoa da Mugiment txartel birtuala mugikorrera jaistea. “Helburua kirola eta ariketa fisikoa sustatzea da, herritarreei hainbat kirol-gunetarako sarbidea erraztea eta ikastaro eta kirol modalitateen eskaintza handitzea, pertsonen bizilekuko herriko baliabideetatik haratago”, adierazi du Egoitz Arruti kirol batzordeburuak.

Azpeitiko Udal Kirol Patronatuak Mugiment Kirol Txartelarekin bat egin du. Hala, Azpeitiko kirol zerbitzuetako bazkideek programari atxikitutako beste udalerri batzuen instalazioetara joateko aukera dute gaurtik aurrera; hau da, txartel birtual horrekin Azpeitiko Udal Kirol Patronatuko bazkideek, programari atxikitako beste herrietako kirol-instalazioak erabil ditzakete. Era berean, ekimenean integratuta dauden herrietako kirol zerbitzuetara abonatuta daudenek Azpeitiko instalazioak eta zerbitzuak erabili ahal izango dituzte.

Erabiltzaileek ez dute kostu gehigarririk ordaindu beharko, instalazioetara doan sartu ahal izango dira –sarrera ordaindu gabe– eta ikastaroetarako edo kantxak eta pistak erreserbatzeko abonatutako pertsonen tarifa berberak izango dituzte. Ekimenari atxikitako herri bakoitzak bere zerbitzu eta ordutegi-eskaintza ezarri du Mugiment Kirol Txartela dutenentzat. Kiroldegi bakoitzean kontsulta daiteke.

“Helburua kirola eta ariketa fisikoa sustatzea da, herritarreei hainbat kirol-gunetarako sarbidea erraztea eta ikastaro eta kirol modalitateen eskaintza handitzea, pertsonen bizilekuko herriko baliabideetatik haratago”, adierazi du Egoitz Arruti kirol batzordeburuak. Era berean, gogoratu nahi izan du, kiroldegiko zerbitzuak irekita eta erabilgarri daudela herritar guztientzat; tartean, tenis eta padeleko pistak.

Jaitsi Mugiment txartela
Mugiment Kirol Txartelaren zerbitzuez baliatzeko baldintza bakarra da Kirol Patronatuko bazkidea izatea.
Doakoa eta birtuala denez, Interneteko konexioa duen gailu mugikor bat baino ez da behar Mugiment Kirol Txartelaren aplikazioa deskargatzeko. Google Play-n eta App Store-n dago eskuragarri.

Deskargatu eta instalatu ondoren, erregistratu egin behar da eta datu pertsonalak, helbide elektronikoa eta NANa eman behar dira, zein kirol entitateri ordaindu edo abonatu zaion adieraziz. Dagokion entitateko kide dela egiaztatu ondoren, jakinarazpen bat jasoko da eta Mugiment Kirol Txartela erabiltzen hasi ahal izango da.
Erabilera edo sarbide bakoitzean, erabiltzaileak txartel digitala erakutsi beharko du gailu mugikorrean, NANarekin batera, eta kirol-instalazioaren arduradunak egiaztapen-kode bat jarriko du erabiltzailearen gailuan, eta instalazioan sartzeko aukera emango zaio.

 

48 herrik bat egin dute
Mugiment Txartelarekin bat eginda 48 dira guztira Euskal Autonomia Erkidegoan egitasmoarekin bat egiten duten udalerriak. Gipuzkoan 15 udalerri daude Mugiment Txarlearekin bat eginda (Aretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Bergara, Eskoriatza, Oñati, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Deba, Zumaia, Zestoa eta Getaria), Araban bi udalerri (Amurrio eta Laudio) eta Bizkaian 31 udalerri daude (Amorebieta-Etxano, Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Abanto-Zierbena, Sestao, Barakaldo, Muskiz, Ugao-Miraballes, Bakio, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Bermeo, Erandio, Gernika, Lemoa, Sopela, Durango, Berriz, Elorrio, Sondika, Zamudio, Lekeitio, Mungia, Markina-Xemein, Mundaka, Ermua eta Bilbo).