Azpeitian lehen energia-kooperatiba eratu da

0
PRUEBA

Energiaren Euskal Erakundeak eta Krean ingeniaritza sustatzaileak osatutako Ekiola sozietatearen bultzadari esker sortutako lehen energia-kooperatibaren aurkezpena egin dute gaur goizean Azpeitian. Euskadin autokontsumorako eguzki-parke fotovoltaiko berrien instalazioa sustatzeko eratu zen Ekiola sozietatea jendaurrean aurkeztu zenetik hiru hilabete igaro direnean, Azpeitiko proiektua kooperatiba gisa eratu da, atxikimenduak lortzeko (bazkide kooperatibistak) eta proiektua gauzatzen hasteko.

Ekindar da erakunde berriak martxan hasteko hartu duen izena, eta, hasiera batean, zerbitzu-kooperatiba gisa eratu da, helburu nagusi hauekin: proiektu teknikoa egitea, administrazio-baimenak kudeatzea, jarduera-baimenak ematea eta egikaritze-proiektua onartzea. Bigarren fasean, Ekindar kontsumo-kooperatiba bihurtuko da, eta azpeitiarrei kooperatiba horretan parte hartzeko aukera emango die.

Eratze-ekitaldia Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak eta Hodei Arzak Kreaneko ordezkariak egin dute. Aurkezpenean toki berezia izan dute ‘0 kilometroko’ energia berriztagarria sortzeko eta kudeatzeko proiektuarekiko atxikimendua erakutsi duten tokiko erakundeek: Bertan Merkatari elkartea, Artxara kooperatiba, Kultura kooperatiba, Usurbilgo lanbide-eskola, Urola Ikastola, Karmelo Etxegarai ikastola, Ikasberri ikastola eta Iraurgi ikastetxeko lagunak. Azpeitiko Udalak Ekiola gizartearekin konpromisoa hartzeko dituen irizpide nagusien artean tokiko ekonomia sustatzea eta ingurumena zaintzea daude, «Energiaren demokratizazioan» aurrera egiteaz gain, «Behar dugun energiaren sortzaileok azpeitiarrok izango baikara», azpimarratu du Nagore Alkortak.

«Elkarlana, konpromisoa eta ekintzailetza» izan dira Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak azpimarratu dituen hitzak. Ekiola sozietatearen bultzadari esker sortutako lehen energia-kooperatibaren eraketa ospatu du Ansolak. «Elkarlana erakundeen artean helburu komunak dituzten proiektuak aurrera eramateko; konpromisoa energia trantsizioarekin dugun erantzukizunari erantzuna emateko eta ekintzailetza instalazio berriztagarriak bultzatzeko, izan ere instalazio mota hauek biderkatu beharko dira energia-eredu berri baterantz benetako urratsak emateko». Bide onetik goaz, adierazi du Ansolak, «Eta bide honek aukerak eskaintzen dizkigu: Ekonomia berdea, ekonomia zirkularra, bioenergia… Dena lotuta dago eta dena norabide berean doa» azaldu du.