EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin, Zinemazale Berriak programa jarriko du abian maiatzaren 23an, zinema-aretoetan publiko berriak sar daitezen sustatzeko. Guztira, 18 euskal zinemak hartuko dute parte ekimen honetan, gehienak EZAEren baitakoak, baina baita ekimen honekin bat egin nahi izan duten beste batzuk ere.
Gaur egungo zinema-aretoen eskaintza osatzeko eta aretoetara ikusleak erakartzeko, asteburuetan goizeko saioak 2,90 euroan eskaintzea erabaki da. Estreinaldiak euskaratzea bultzatzen duen Eusko Jaurlaritzaren Zinema Euskaraz programaren barruan daude 2021ean proiektatuko diren 12 filmak.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak eta EZAEko (Euskadiko Zinema Aretoen Elkartea) presidente Alfonso Benegasek aurkeztu dute gaur goizean programa, Euskadiko Artxibo Historikoan egindako prentsaurreko batean.
2020. urtea gogorra izan da eta horrelako ekintzekin konpentsatu nahi da; iaz, euskal aretoek 10 milioi euroko galerak izan zituzten, 2019ko aldi berarekin alderatuta. Izan ere, 2020an Euskadin zinemara joan ziren ikusleen kopurua % 65 baino gehiago murriztu zen 2019ko datuekin alderatuta.
Filmeen zerrenda
Programa hau bat dator EZAEren helburuekin, hau da, kultura zinematografikoa sustatzea, komunikatzea eta zabaltzea. Eta, aldi berean, kanpainak euskal zinema-aretoak leku erabat seguruak direla eta osasun-eskakizun guztiak zehatz-mehatz betetzen direla dioen mezua indartzeko balioko du.
Guztira 18 aretok parte hartuko dute “Zinemazale Berriak” programan: 9 Gipuzkoan (Principe, Antiguo Berri, Bastero, Villabona, Areria, Zumarraga, Beasain, Zarautz eta Niessen); Bizkaian 7 (Multicines Bilbao, Golem, Getxo, Durango, Bermeo, Mungia, Muskiz); Araban 2 (Gorbeia eta Florida).
Hau da estreinaldien zerrenda orokorra, nahiz eta zine batzuek salbuespenez egutegian aldaketaren bat egin dezaketen, zine bakoitzaren programazioan egin beharreko egokitzapenak tarteko. Hori dela eta, zinema bakoitzean karteldegia kontsultatzea gomendatzen zaie ikusleei, emanaldien data eta ordutegia jakiteko.