Eusko Jaurlaritzak,enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntza-plana aurkeztu die Durangaldeko enpresei

0

Eusko Jaurlaritzak gaur goizean aurkeztu die Durangaldeko enpresei Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak enpresa txiki eta ertainentzako prestatutako 2021eko laguntza-plana. Durangaldeko Mankomunitatearekin elkarlanean antolatutako ekitaldia Abadiñoko Errota Kultur Etxean egin da, eta hogeita hamar enpresa baino gehiagok parte hartu du.

SPRI Taldeko Zuzendari Nagusi Aitor Urzelaik, Leyre Madariaga, Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendariak, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendari Mikel Amundarainek, BTI – Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren zuzendari Ainhoa Ondarzabalek, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari Iñigo Ansolak, Ihobe-ko zuzendari Alex Botok, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Javier Plasenciak bakoitzari dagokion arloko programa zehaztu dute, enpresek beren beharretara ondoen egokitzen dena aurkitu dezaten.

2021eko enpresa txiki eta ertainentzako laguntza-planak 68 programa biltzen ditu —433 milioi euroko aurrekontuarekin—, kalitatezko enplegua sortuz ekonomia suspertzeko helburuarekin eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko garapen jasangarria ere kontuan hartuz. Laguntzen % 40 I+G+b programetara bideratuko da, baina, besteak beste, nazioartekotzeko, ekintzailetzarako, energia-kudeaketarako eta ekonomia zirkularrerako laguntzak ere emango dira.