Euskal eredua eta 2019an onartutako Kooperatiben Legea gertutik ezagutzeko Lan Ministerioko Gizarte Ekonomiako zuzendariak Euskadi bisitatu du

0

Maravillas Espín Lan Ministerioko Lan Autonomoko, Gizarte Ekonomiako eta Enpresen Erantzukizun Sozialeko zuzendari nagusia Euskadin izango da gaur eta bihar, arlo horretan aitzindaria den gizarte-ekonomiaren euskal eredua eta 2019ko abenduan onartutako Kooperatiben Legea ezagutzeko.

Juan Manuel Sanchez Ministerioko Ekonomia Sozialeko zuzendariordearekin batera, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak, Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak eta Jokin Diaz Arsuaga Ekonomia Sozialeko zuzendariak harrera egin diote gaur Eusko Jaurlaritzaren egoitzan.

Bisitak Gizarte Ekonomiako lantaldearen eta autonomia-erkidegoen arteko elkarrizketa-esparrua sendotu nahi du, ministerioak bultzatuta, eta euskal adibidea, esparru horretan aitzindaria dena, sakonago ezagutzeko nahiaren barruan kokatzen da, baita 2019ko abenduan onartutako Kooperatiben Euskal Legea ere.

«Gizarte-ekonomiaren ehuna eta erkidegoa sortuz ekonomia egiteko beste modu bati laguntzeko politikak gehiago ezagutzeko, beharrezkoa da ekosistema desberdinetara, ikuspegi eta formula desberdinetara hurbiltzea. Gaur hasi dut bide hori Euskadin, kooperatibetan eta lan-sozietateetan errotuen dagoen lurraldeetako batean «, esan du Maravillas Espinek.

Bestalde, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak azaldu duenez, «Euskal ekonomia sozialaren indarra izan da euskal ekonomiak krisi honetan izan duen erresistentzia azaltzen duen gakoetako bat», eta adierazi duenez, «Langileak enpresen kudeaketan inplikatuta dauden ereduetan ere aldaketara egokitzeko gaitasun handiagoa dago, eta Euskadi horren adibide bat da».

Zehazki, aztertu beharreko gaien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: Gizarte Ekonomia Sustatzeko Kontseilua suspertzea; Next Generation Europako funtsen egoera, eta, zehazki, Gizarte Ekonomiara zuzenean bideratutakoak; berdintasun-planak kooperatibei aplikatzea; eta Euskadiko Gizarte Ekonomiaren Erakunde arteko Plana eta haren plangintza estrategikoa.

Perez Barredo eta Diaz Arsuagarekin batera, bidaiaren lehen egunean Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko ordezkariekin bildu dira Gasteizen, eta Mondragon Taldeko Soraluce kooperatiba bisitatu dute Bergaran (Gipuzkoa). Bertan, euskal kooperatiben intereseko gaiak jorratu dituzte.

Bestalde, bihar, ostirala, taldeak gizarte-ekonomiako beste familia batzuk hartuko ditu hizpide, besteak beste, lan-sozietateak, langileek enpresan parte hartzeko eredu bat, Euskadin industria-enpresa batzuen zailtasunak gainditzeko arrakastaren eredu dela erakutsi duena. Hala, ASLEren Bilboko egoitzara joango dira, lan-sozietateen enpresa-elkartera. Bertan, Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den enpresa partaidetuaren eredua aurkeztuko dute, eta Fabrikación de Metales Duros SL lan-sozietatera joango dira, Basaurin. Arratsaldean, Koopera Reusing Center enpresa kooperatiboa bisitatuko dute Mungian, eta pertsona ahulenekin konprometitutako ekonomia zirkularreko eredua ezagutuko dute.