Zaintza lanetarako profesionaltasun agiria ateratzear Azpeitin

0
Azpeitiko Udalak antolatutako arreta soziosanitarioa gizarte-erakundetan emateko lanbide-kualifikazioa lortzeko ikastaroa abian da Azpeitian. Urtez urte zaintza lanak egiten dituzten herritarrei gaur egun zaintza lanetarako ezinbestekoa den kualifikazioa lortu eta lana eskuratzeko oinarria eskaintzen zaie.

Urteak dira Azpeitian ikastaro hori antolatzen dela, eta aurrera begira ere udalak antolatzen jarraitzeko konpromisoa du: “Zaintza lanetan ari direnei formazio homologatua eskaintzea garrantzitsua da guretzat. Bide horretan, lanbide hori duindu eta lan baldintzak hobetzeko aukera eskaintzen zaielako arlo horretako langileei”, adierazi du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Sektore feminizatua dela ere azpimarratu nahi izan du: “Azpeitian emakume langabetuen portzentaia gizonezkoena baino altuagoa da, eta orokorrean, diru sarrerak ere baxuagoak izan ohi dira. Formazioa eskainiz, parte hartzaileei bizi kalitate hobeagorako aukera eskaini nahi diegu”.

Aurtengoan, 17 ikasle izan ditu ikastaro horrek, eta guztiek gainditu dute atal teorikoa. Orain, alde praktikoa egiten hasi dira eta ekaina bitartean gizarte erakunde desberdinetan arituko dira ikasitakoa praktikan jartzen.