Pedro Azpiazuk Euskal Autonomia Erkidegoaren susperraldi ekonomikoa Europako ekonomien susperraldiarekin alderatu du

0
PRUEBA

Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk gaur amaiera eman die Deusto Business Schoolek antolatutako Finantza Jardunaldiei Deusto Business Alumnirekin lankidetzan. Bere hitzaldian, euskal ekonomiaren susperraldia eta Europako ekonomiena —duela hiru urte aurreikusitakoa baino bilakaera hobea izan dute hauek— alderatu ditu. Halaber, Europako Batzordeak Eurogunerako —Euskal Autonomia Erkidegorako erreferentzia sendoa— berriki egindako berrikuspena aipatu du, 2021ean BPGd-arako aurreikusitako hazkundea % 3,8tik % 4,3ra igaro baita.

 Azpiazuk gogora ekarri du iragan urrian jardunaldi hauetan bertan egindako hitzaldia, aurreikuspen makroekonomikoen errealitate aldakorra nabarmentzeko; aurreikuspen horiek errealitate hori etengabe berrikustea eskatzen baitute. Ildo horretan, Europako Batzordeak Espainiarako egin dituen aurreikuspenen arabera, ekitaldi honetan % 5,9, eta 2022ko ekitaldian % 6,8 igoko direla —EB osoko zifrarik altuenak— azpimarratu du.

 Azpiazuren esanetan, «Euskal Autonomia Erkidegoan ikusten ari garen eskema Europako ekonomien eskemen oso antzekoa da. Lehen hiruhilekoa oraindik negatiboa da (urte arteko tasetan, baina ez hiruhileko arteko tasetan), baina bigarren hiruhilekoaren hasiera oso positiboa; neurri batean pandemiaren unerik gogorrenarekin alderatzen delako. Baina txertaketak aurrera jarraitzen du, eta 16 urtetik gorako biztanleen % 40k baino gehiagok jada dosi bat gutxienez jaso du”.

 Horretan sakonduz, Ekonomia eta Ogasun Saileko arduradunak uste du, Erresuma Batuan eta beste herrialde batzuetan gertatu dena ikusi ondoren, txertatutakoen kopuruak % 50 gainditzean kutsadurak nabarmen jaitsiko direla.

 Txertaketa-erritmoa funtsezkoa da, bere ustez, jada hasitako susperraldia sendotzeko, susperraldi hori «atzeraezina» baita; hala ere, 2022aren amaierara arte itxaron beharko da 2020an emandako BPGd-aren % 9,5eko jaitsiera konpentsatzeko”.

 Horretarako lagungarri izango da, haren ustez, 2009an —BPGd-aren beherakada % 4,1ekoa izan zen— ez bezala, oraingo honetan politika ekonomikoaren erantzuna sendoa izan dela, epe laburrean ondorio ekonomikoak arintzeko, eta ondorio horiek iraunkorrak izan ez daitezen eta epe ertain eta luzeko hazkundean eraginik izan ez dezaten lortzeko.

 Azpiazuk lan-merkatuaren susperraldia azpimarratzeko ere baliatu du jardunaldien amaiera-ekitaldi hau, enplegua sortzen hasi den heinean eta, gainera, jendea pixkanaka aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteetatik ateratzen ari den neurrian. «Era berean, langabezia nabarmen —zifra ofizialen arabera— eta modu apartan jaitsi da aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteetatik atera diren pertsonak kontuan hartzen baditugu», gaineratu du Deusto Business Schooleko VIII. Finantza Jardunaldi hauen amaieran.