Jokin Bildarratzek berretsi du aurrez arreko eskola jarduerari eustea dela lehentasuna

0

Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren ondoren, Jokin Bildarratz sailburuak adierazpenak egin ditu komunikabideen aurrean, eta berretsi du Hezkuntza Sailaren lehentasunezko helburua datorren ikasturterako ere aurrez aurreko irakaskuntza bermatzea dela, 2020-2021 ikasturte honetarako izan den bezalaxe.

Bildarratz sailburuaren esanetan, ikasturte honetan ongi frogatu da aurrez aurreko hezkuntza-jarduera gizarte-kohesiorako elementu bat dela, eta gaineratu du ikastetxeek horretarako behar dituzten baliabideak jarriko dituela berak zuzentzen duen Sailak. Ildo horretan, Bildarratzek aurreratu du 60.000 ordenagailu berri erosiko dituela Hezkuntza Sailak, sare publikoko ikasle guztiek, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergoko 2. mailara arte, ekipo informatiko bat izan dezaten.

Bildarratzek nabarmendu duenez, Hezkuntza Saila lanean ari da dagoeneko, ikastetxeekin batera eta Osasun Sailaren lidergoarekin, ikasturte berrirako protokoloak prestatzen, ikastetxeek garaiz izan ditzaten.

Ikasleen txertaketari dagokionez, eta EMA agentziak (Sendagaien Europako Agentziak) zer erabakiko zain, Bildarratzek adierazi du 12 eta 16 urte bitarteko gazteen txertaketan aurrera egitea positiboa izango dela irakaskuntza eta ikaskuntza-prozesurako, datorren ikasturteari begira.