Barbadungo itsasadarreko Juanes errekan espezie inbaditzaileak kendu dira

0

URA-Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, espezie inbaditzaileak kendu ditu Muskizen, Barbadun itsasadarrean, Juanes errekan; batez ere, kanaberak (Arundo donax) eta Pampako luma-mottoak (Cortaderia selloana). Lan horiek Juanes errekaren zortasun-eremuan egin dira, Barbadungo itsasadarraren KBEaren inguruko eremuan, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Sailarekin elkarlanean egin dira. Horiek, aldi berean, EHUrekin koordinatuta daude, eta produktu kimikorik erabili gabeko teknikak lehenetsi dira.

Barbadun KBEko duna-sistema Euskadin erdi-natural egoeran dagoen duna-sistema handiena da: balio ekologiko handia du, itsasadar-inguruneetan berezkoak diren balio ekosistemiko ugariak dituelako , intereseko espezieen populazioak garatzeko baldintza nahikoak dituelako (batzuk Euskadiko espezie mehatxatuen katalogoan sartuta daude; duna-flora espresuki aipatzekoa da), eta berriz naturalizatzeko ahalmen handiko eremu garrantzitsuak dituelako.

Lanak apirilaren bigarren hamabostaldian egin dituzte. Zehazki, 671 m ² -ko azaleran jardun da  Arundo donax kentzeko, eta Cortaderia selloana espeziearen 26 ale motzondoak irauli dira. Gainera, eremu horretan estuarioetako berezko ekosistemak berreskuratu nahi direnez, Milazka espeziearen (Tamarix gallica) zenbait ale moztu dira. Espezie hori ez da ekosistema horien berezkoa: 11 eta 35 cm arteko diametro aldakorreko 45 milazka ale zuritu dira (banaka aukeratu dira, errekaren ertzetan).

Arundo donax-aren kasuan, kanabera oinarritik moztu da eta goikaldeko zatia baimendutako zabortegira eraman da. Cortaderia selloa-na espeziaren aleen kasuan, eskuz irauli dira motzondoak, landarearen sustraia lurretik kanpo uzteko eta, ahal den neurrian, kimu berriak ateratzea saihesteko.

Milazkak apaldu egin dira eta sortutako zur guztia kendu egin da jarduketa-eremutik. Era berean, jarduketaren eremuan dauden hiri-hondakin solidoen edukiontzikada bat inguru bildu da, eta Muskizko Udalak kudeatu du.

Egindako lanek arreta bereziz errespetatu dituzte inguru horretan dauden Ononis ramosissima populazioak (espezieak irauten duen Bizkaiko eremu bakarra).

Jarduketa horrek bigarren esku-hartze batekin jarraituko du, lehenengoaren mugakide den Muskizko Udalaren lurzati batean. Bertan, Foru Aldundiko Ingurumen Saileko teknikariekin adostutako lanak egingo dira, aurrekoen antzekoak: kasu honetan, Juanes errekara isurtzen den izenik gabeko errekaren bi aldeetako 15 metroko zerrenda baten barruan, Barbadungo KBEaren barruan.

Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du