Itsas eta arrantza eskoletan ikasten ari direnei bekak emateko 140.000 euro

0

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak emandako aginduaren bidez, Eusko Jaurlaritzak bekak iragarri ditu 2020-2021 ikasturtean Pasaiako Itsas eta arrantzako Prestakuntza Zentroan eta Bermeoko eta Ondarroako Itsas eta arrantzako lanbide prestakuntzarako eskoletan ikasteko.

Beketara 140.000 euro baino gehiago bideratu dira -eskatzaile bakoitzari gehienez 2.400 euro esleituko zaizkio-, eta beken helburua da ikasleei laguntzea, ohiko bizilekutik kanpo bizitzeko, ikastetxera joan-etorriak egiteko, mantenurako eta ikasteko materialerako egin beharreko gastuak ordaintzen.

Kurtsoaren amaieran ordainduko dira laguntzak, esleitutako zenbatekoaren %100 aldi bakarrean ordainduta, betiere ikasleak bere matrikulako modulu edo ikasgai guztiak gainditu baditu.

2020-2021 ikasturte honetan, itsas eta arrantzako ikasketetarako hiru eskoletan 431 ikasle matrikulatu dira guztira (116 Ondarroan, 124 Bermeon eta 191 Pasaian). Kalkuluen arabera, matrikulatutakoen %30-35ek eskatuko dute beka hau. Beraz, aurreikusi da deialdi honetan 120 beka emango direla, aurreko deialdietan bekek izan duten bilakaera kontuan hartuta. Programa hau hasi zenetik, hau da, 2016-2017 ikasturtetik, 530 beka eman dira guztira.

 Profesionalizazioa eta belaunaldi berritzea

Euskadiko itsas eta arrantzako ikastetxeen eta beka programa honen bidez, sektorearen prestakuntza beharrei erantzun eraginkorra eman nahi zaie.

Horrelako prestakuntza programak bultzatzea beste urrats bat da arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza sustatzeko politika egokiari eusteko. Aldi berean, gazteei sektorean sartzeko erraztasunak ematen zaizkie eta, horren bitartez, sektorean belaunaldi berriak sartzen eta sektorea modernizatzen ere laguntzen da. Hau da, Eusko Jaurlaritzaren helburu estrategikoetako bat lortzen laguntzen da.

Esleitzeko irizpideak

Beken gehieneko zenbatekoa 2.400 eurokoa da eta gutxienekoa 300 eurokoa, eta zenbateko guztiak puntuak esleitzeko deialdiaren oinarrietan agertzen diren eta berariaz izendatutako Balorazio Batzorde batek ezarritako irizpideen arabera kalkulatzen dira. Irizpide hauen arabera egingo da:

  1. Egingo diren ikasketen maila
  2. Ohiko bizilekuaren herritik eta ikasketa zentroaren herriaren arteko distantzia
  3. Eskatzailearen baldintza pertsonalak eta familiarrak
  4. Eskatzaileak edo bere familiak aurreko urtean eskuratutako diru sarrera gordinak, edozein dela ere sarrera horien jatorria

Beketarako eskaerak bide elektronikoetatik aurkeztuko dira, euskadi.eus helbidearen egoitza elektronikoan: (https:// www.euskadi.eus).