eLankidetzak Covax mekanismoa babestuko du mundu-mailako txertaketa solidarioa lortzeko

0

Eusko Jaurlaritzak, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziaren bidez, 500.000 euroko ekarpena egingo dio GAVI txertaketaren aldeko Munduko Aliantzari, zeinak COVAX mekanismoa kudeatzen baitu. Dirulaguntzak COVID-19aren aurkako txertoen 1,3 milioi dosi ematea lortuko du diru-sarrera ertain eta txikiak dituzten 92 herrialdeei. Dosi horien %5 testuinguru humanitarioetan zaurgarriak diren biztanleentzat izango da. Mekanismoari esker, urtearen amaietan herrialde pobretutako biztanleen %20k txertoa jarrita izatea espero da.

COVID-19aren izurriteak agerian utzi du mundu osoko elkarren mendekotasuna eta elkartasunaren beharra. Egoera horren aurrean, eta ekintza gehiago behar direla jakitun, Eusko Jaurlaritzak uste du funtsezkoa dela birusaren aurkako txertoa segurua eta eraginkorra izatea, eta munduko biztanle guztiei iristea, geldiarazteko bai gaixotasuna eta baita pobrezia eta desberdintasunak areagotzearen ondorioak ere.

GAVI Aliantza nazioarteko elkarte publiko-pribatua da, eta gaixotasun hilgarrienetako batzuen aurkako txertaketan laguntza eskaintzen du, hala nola ebola, kolera edo meningitisa. Halaber, GAVIk COVAX finantzazio tresna bideratzen du, sustatzen duena mundu osoan COVID-19aren aurkako txertoa eskuragarri egotea eta bidezkoa izatea.

Ekarpen horrez gain, eLankidetzak COVID-19 txertoen patenteak aldi baterako etetearen aldeko adierazpen bat sustatu du Amnistía Internacional, Oxfam Intermón eta Mugarik Gabeko Medikuak erakundeekin batera. Sinatzaileen ustez, “beharrezkoa da mundu mailan lankidetzan aritzea, txertoak behar beste garatzea eta fabrikatzea, eta garaiz eta modu inklusiboan banatzea, eragozten duten oztopoak ezabatzeko”.