60 urtetik beherako funtsezko kolektiboen txertaketari berrekin dio Euskadik

0

Bigarren dosia jasotzeko zain zeuden 60 urtetik beherako funtsezko kolektiboen txertaketari ekingo dio aste honetan Euskadik. Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak Gobernu Kontseiluaren amaieran azaldu duenez, txertoa jartzeko bi bide erabiltzen ari dira, batez ere:

  • Bere garaian prebentzio-zerbitzuen bidez txertoa jaso zuten kolektiboetan, Ertzaintzan adibidez, metodo bera erabiliko da. Hau da, Osakidetzak dosiak emango dizkie zerbitzu horiei, eta hitzordua eta txertoa jartzeaz arduratuko dira.
  • Bigarren bide gisa, Osakidetzak zuzenean txertaketa-puntuetan txertatu zituen pertsonen kasuan (hezkuntza-arloko kolektiboari, adibidez), batez ere SMS bidez jarriko zaie harremanetan. Mezu bat bidaliko zaie hitzordu bat esleituz, eta ahalegina egingo da hitzordu hori lehendik zuten egun eta ordu berean izan dadin. Horrela, kasu bakoitzean bermatzen dugu adierazitako denbora-pauta betetzen dela, hau da, bigarren dosia 12 asteren buruan emango dela.

Pertsona horiei guztiei Pfizer txertoa eskainiko zaie, Osasun Publikoko Batzordeak ezarri duen bezala.

Zer egin beharko du Pfizerrek nahi ez duen eta AstraZenecaren bigarren txertoa jaso nahi duen pertsonak?

Osakidetzaren webgunean sartu eta formulario bat bete beharko duzu. Orduan, itxaron-zerrenda batera igaroko da, eta Osakidetza aurrerago jarriko da harekin harremanetan, betiere dosirik baldin badago.

Egun horretan, baimen informatua sinatuta eraman beharko du. Herritarren eskura egongo da Osakidetzaren webgunean eta Euskadi.eus-eko COVID-19aren atalean.

Bestalde, Osasun sailburuak koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera; eta adierazi du, aurreikuspenen arabera, datozen egunetan, 14 eguneko intzidentzia metatuaren balioak jaisten jarraituko duela, baina, hala ere, erreprodukzio indizearen bilakaerak eta 7 egunetan metatutako intzidentziak adierazten dutela moteldu egin dela intzidentziaren jaitsiera.

Txertoari dagokionez, Sagardui sailburuak jakinarazi du biztanleriaren %47,7k dosi bat daukala eta %22,3ek gehiengo inmunitatea lortu duela. “Txertoak heldu ahala ematen ditugu”, esan du.