Eusko Jaurlaritzak 160.000 euro bideratu ditu Euskal Kultura Ondareari buruzko ikerlanetarako

0
Fotografía: Donostiakultura.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2021. eta 2022. urteetan Euskal Kultura Ondarea babesteko ikerketa-lanak egiteko deialdia, bai ondare material higiezina bai higigarria. Guztira 160.000 euro izango dira, horietatik erdia 2021eko aurrekontuari dagokio eta beste erdia 2022koari. Ondare immateriala ez da diru-laguntza honetan sartzen laister Kultura eta Hizkuntza Politika sailak horretarako berariazko beste deialdi bat kaleratuko duelako.

Proiektu bakoitzari emango zaion diru-kopurua gehienez 13.500 euro izango da. Diruz lagundu daitezkeen proiektuek 2021 honetan hasteko edo hasita egon beharko dute, eta 2022ko urriaren 25erako amaituta egon beharko dute.

Ikerketa-lana egiteaz arduratuko den pertsonak Historia, Artearen Historia, Arkeologia edo Kultura Ondareko lizentziaduna edo gradua izan beharko du. Era berean, baliozkoak izango dira graduondoko titulazio ofizialak, baldin eta ikerketa-lan bat egin bada, ezagutza-arlo horiekin lotura zuzena duena.

Interesdunek hilabeteko epea izango dute eskabideak aurkezteko, ekainaren 8tik aurrera.

Aurreko deialdian, Euskal Kultura Ondarearen babesari buruzko 12 ikerketa-lan diruz lagundu ziren. Aireko babeslekuen, ondare organistikoaren, ibaiertzeko ontziolen, euskal mendi-burdinoletako labeen, lorategien eta parke historikoen gaineko proiektuak finantzatu ziren, besteak beste.

Argitalpenak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak «Kultura Ondarearen Ikerketak» izeneko bilduma ere jarri du martxan, deialdi honetan hautatutako proiektuak ezagutzera emateko. Argitaratzeko lanak kalitateagatik eta piztu dezaketen interesagatik aukeratu dira, bai giro zientifikoetan, bai inguruko ondare kulturalari balioa ematen dion gizarte batean.