Garraioaren sektorean jarduera uzteko laguntzen Agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren agindua onartu du gaur. Agindu horren bidez, salgaien eta bidaiarien garraio publikoaren sektorean adinagatik jarduera uzteko laguntza-programa ezartzen da 2021. urterako.

Programa 2000. urtean sortu zen eta urtero zuzentzen zaie 63 eta 64 urteko garraiolariei edo ezintasun iraunkor absolutua, osoa edo baliaezintasun handia deklaratu dietenei. 2021ean 295.000 euroko aurrekontua izango du —2020an baino % 25,5 gehiago—. Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Laguntzak eskatzeko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da: eskabide-inprimakia; azken hamar urteetan, etenik gabe, Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubidean alta emanda egon izanaren egiaztagiria; hala badagokio, ezintasunaren edo baliaezintasun handiaren egiaztagiria; eta, hirugarrenen altaren fitxa. Ebazpena banaka jakinaraziko da sei hilabeteko epean.