Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila Eutanasiaren eskubidea arautzen duen Lege Organikoa (martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoa) betetzen dela bermatzen duten jarduketa guztiak ari da betetzen. Gaur beste urrats bat gehiago eman da norabide horretan, Gobernu Kontseiluak, Osasuneko Sailburuak eskatuta, eutanasiaren arloan “Berme eta Ebaluazio Batzordea” sortzen duen dekretua onartu baitu.
Lege horrek osasun-eremuko eta juridikoko pertsonek eratzen duten administrazio-izaerako eta diziplina anitzeko organo hori sortzeko beharra jasotzen du; pertsona horiek prozesuaren segurtasun klinikoa eta juridikoa bermatuko dute eta, ondoren, haren egokitzapena ebaluatuko dute.
Zehazki, haren eginkizun nagusia eskubide hori eskatzen duten pertsonei eta haien mediku arduradunei eutanasia egin ahal izateko baimena ematea izango da, baina, horretarako, Legeak agintzen dituen eskakizunak betetzen direla eta gaixoarekin deliberaziorako saioak egin direla egiaztatu beharko da aurretik.
Datozen egunotan, Osasuneko Sailburuaren Agindu bidez, izenez hautatuko dira Batzordea eratuko duten pertsonak, “Euskadiko Etika Komiteen Batzorde Soziosanitarioak” proposatutako profesionalen artean
Gainera, Legearekin bat etorriz, Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeak beste eginkizun batzuk ere izango ditu, besteak beste: prozesuan egon daitezkeen erreklamazioak ebaztea; hiltzeko laguntzaren prestazioa Legean aurreikusitako prozedurekin bat etorriz egin ote diren egiaztatzea, eta Lege honetan aurreikusitako eskakizunak betetzean egon ahal izan diren arazoak detektatzea eta, hala badagokio, hobekuntza zehatzak proposatzea, jardunbide egokien eta protokoloen eskuliburuetan sartzeko.
Azkenik, zalantzak edo edozein gai argitzeko kontsulta-organo gisa baliatu ahalko da, eta urtean Legearen aplikazioaren iguruko ebaluazioari buruzko txosten bat prestatu eta argitaratuko du.
Kasu guztietan, Berme eta Ebaluazio Batzorde hori eratzen duten pertsonek deliberazioen edukia isilpean gordetzera eta profesional sanitario, paziente, familiarteko eta/edo hurbileko pertsonen inguruan ezagutu dituzten datu pertsonalen isilpekotasuna babestera behartuta daude.
HURRENGO JARDUKETAK
Dekretu hau argitaratu eta eskubide berri hori Osasun Sailaren eta Osakidetzaren web-orrietan zabaldu ondoren –zabaldu da dagoeneko–, Osasun Sailak jarraitzen du hura abian jartzeko prozesuarekin, aurreikusten dituen beste jarduketa batzuekin batera, hala nola: osasun-eremuko profesionalentzako prestakuntza, historia kliniko elektronikoa egokitzea eta kontzientzia-eragozle diren profesionalen erregistroa sortzea.