Denontzako Azpeitia osatzen, haurren ekarpenetatik abiatuta

0
Duela gutxi onartutako Azpeitia 2030 plan estrategikoaren baitan, haurrekin amestutako Azpeitia eraikitzeko saioa egin zen. Han eskatutakoak aztertu ostean, Nagore Alkorta alkatea eta Leire Goenaga zinegotzia berriro elkartu ziren herriko haur eta gaztetxoekin, hainbat proposamen elkarbanatzeko. Ontzat eman ostean, aste honetan bertan Goenan tirolina bat ezarri da.

Duela zenbait aste, Azpeitia 2030 plan estrategikoa osatzeko prozesuaren baitan, herriko haur eta gaztetxoekin etorkizuneko Azpeitia amesteko saioa egin zuten, txiki txoko ludotekan. Saio horretan plazaratutako nahi eta eskaeren txostena aztertu ostean, Nagore Alkorta alkatea eta Leire Goenaga zinegotzia haur eta gaztetxoekin elkartu ziren. Bileraren hasieran, talde bakoitzak Azpeitian amestutako proposamenak gogorarazi zituzten, horren ostean, Udalak epe motzean egiteko dituen ideiak azaleratu zituzten udal ordezkariek.

Hala, proposamenak ontzat eman eta gauzatzen ere hasi dira. Bide horretan, haur txikientzako ez zen parkeren baten falta somatzen dutela adierazi zuten parte hartze prozesuan izan ziren hainbat gaztetxok. Horri erantzunez, aste honetan bertan, tirolina bat ezarri du udalak Goenan. Horrekin batera, epe motzean zuhaitz artean jolas ezberdinak ere jarriko dira.

“Denontzako Azpeitia osatzeko konpromisoaren baitan, herritarrak parte hartzean txikitatik hezteko baliabideak eskaini nahi ditugu. Prozesu aberasgarria izan da eta haur eta gaztetxoek ere ikusi dute beren proposamenak jaso, aztertu, eta herrirako eta herritar guztientzako onak direnak egingo ditugula”, zehaztu du alkortak.

Bide horretan, beste hainbat eskaerari erantzuteko konpromisoa ere hartu zuen udalak, eta uda bitartean jarriko dira martxan.