Eusko Jaurlaritzak Euskadiko identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemei buruzko erregelamenduaren hainbat manu indargabetzeko galdegin dio Espainiako Estatuari

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Eusko Jaurlaritzak martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren zenbait manu indargabetzeko eskatzen dio Espainiako Estatuari. Horien arabera, beharrezkoa izango da Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren aldez aurreko baimena, Barne Ministerioak txosten loteslea egin ondoren, gako hitzartutako sistemak eta EAEko administrazioen aurrean identifikazio eta sinadura elektronikoko beste sistema batzuk ezartzeko. Iñigo Urkulluren Exekutiboaren irudiko, aurreikuspen horrek doktrina konstituzionala urratzen du eta, finean, Euskal Autonomia Erkidegoak bere burua antolatzeko duen eskumena urratzen du. Era berean, Gobernu Kontseiluak eskumenik ezaren errekerimendua egitea erabaki du, autonomia erkidegoek Estatutko Administrazio Orokorraren sistemetara eta aplikazioetara atxikitzeari buruzko erregelamenduko zenbait agindu Konstituzio Auzitegiaren doktrinara egokitzeko.

Asteroko bileran, Gobernu Kontseiluak baimena eman die Zerbitzu Juridiko Zentralei Konstituzio Auzitegian eskumen-gatazka positiboa aurkezteko, baldin eta Espainiako Gobernuak gaur erabakitako errekerimendua atzera botatzen badu. Eusko Jaurlaritzaren aburuz, martxoaren 20eko 203/2021 Errege Dekretuak -sektore publikoaren jardunaren eta funtzionamenduaren erregelamendua bitarteko elektronikoen bidez onartzen duenak, “Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko eskumen banaketaren aurreikuspen konstituzionala eta estatutarioa desitxuratu eta indargabetzen du, doktrina konstituzionala eta euskal eskumena urratuz.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Olatz Garamendik Estatuari jakinaraziko dio Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia. Espainiako Gobernuak hilabeteko epea du egoera iraultzeko. Izan ere, denbora tarte hori igarotakoan, Eusko Jaurlaritzak beste hilabete izango du eskumen-gatazka positivo bat planteatzeko, Konstituzioa Auzitegiari buruzko 2/1979 Lege Organikoaren 63. Artikukluan ezarritakoaren arabera. Eusko Jaurlaritzak argudiatzen duenez, administrazio digitalari buruzko Errege Dekretuaren zenbait manuk ez dute errespetatzen Konstituzioan eta Euskadiko Autonomia Estatutuan ezarritako eskumen ordena, eta ez diote behar bezala erreparatzen Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziari.

Errege Dekretuak eragiten dituen arauek, batez ere identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemei eragiten diete. Manu horiek ezartzen dutenez, Administrazio Publikoek hitzartutako gako sistema erabili ahal izateko, herritarrak administrazio publikoen aurrean identifikatu eta sinatzeko, beharrezkoa da Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren baimena izatea, Barne Ministerioak txosten loteslea egin ondoren. Gainera, administrazio publikoei eskatzen die aplikazio elektroniko bat erosi edo garatu aurretik kontsulta dezatela ea Estatuko Administrazio Orokorrak berrerabili ahal izateko baliabide hori duen. Hala izan ezean, eraginkortasunaren ikuspegitik justifikatu behar da, eta hori jarduera autonomikoaren kontrol desegokia da, Konstituzio Auzitegiaren doktrinaren aurkakoa. Ziurtagiriak egiaztatzeko plataformarako,  gaitutako helbide elektroniko bakarrerako, egoitza elektronikoetarako, herritarren Karpetarako edo datuen bitartekaritza plataformarako ere eskatzen da Estatu espainiarraren plataformetara atxikitzea.

Bi exekutiboen arteko desadostasunak direla-eta, Eusko Jaurlaritzak konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa aurkeztu zion urriaren 31ko 14/2019 Errege Lege Dekretuari, eta Konstituzio Auzitegiak errekurtso hori izapidetzeko onartu zuen joan den apirilean. Errekurritutako arauek honako hauek ere aipatzen dituzte: Administrazio publikoek erabiltzen dituzten aurretiazko erregistroko identifikazio eta sinadura sistemetan Estatuaren aurretiazko baimena eta txostena behar izatea; erregistro banatuko teknologiak (‘blockchain’) erabiltzea debekatzea aurretiazko erregistroko identifikazio eta sinadura sistemetan; administrazio publikoen zerbitzariak modu zehatzean lokalizatzeko betebeharra. Gainera, Estatuak telekomunikazioetan esku hartzeko araubideari buruzko zenbait artikulu inpugnatu ziren.

Konstituzio Auzitegiaren 55/2018 epaian, 39/2015 Legearen idazketari buruzkoan eta orain 203/2021 Errege Dekretuan erreplikatua, Konstituzio Auzitegiak onartu zuen Konstituzioaren aurkako interpretazioa izan zezakeela. Auzitegiak Estatuko plataforma elektronikoetara informazio-helburuarekin ez atxikitzea justifikatzeko eskakizuna onartu egin zuen, baina erabat baztertu zuen horrek Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioa gaituko duela sistema zentraletara atxikitzearen aurkako aukeraren arrazoiak kontrolatzeko, “muga konstituzionalak gainditzen” dituela onartu baitzuen. Ildo horretan, Konstituzionalak ebatzi zuen Estatuak ez duela titulurik baimen bat inposatzeko, “zehaztu gabeko administrazio kontrol horrek autonomia erkidegoetako eta tokiko instantzia politikoak Estatuarekiko mendekotasun hierarkikoan jartzen baititu”.

Errege Dekretuak onartutako erregelamenduak ez du Konstituzio Auzitegiaren erabakia eragin zuen idazkera zuzentzen, eta Estatuko plataformetara ez atxikitzearen justifikazioa sartzeko betebeharra azpimarratzen du. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari egindako errekerimenduak erregelamenduaren eduki horiei emandako idazketa indargabetzeko eta eskumen ordena errespetatzen duen beste batekin ordezkatzeko eskatzen dio.