Arantxa Tapiak Reyes Maroto Industria Merkataritza eta Turismo ministroarekin bilera egin du

0

Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua Industria, Merkataritza eta Turismoko ministroarekin, Reyes Marotorekin, bildu da, eta Euskadiko industria-egoerari buruzko hausnarketa partekatu du, automobilgintzaren, aeronautikaren eta enpresa elektrointensiboen sektoreetan arreta jarrita.

Bilera, Tapia sailburuak 2021-2022 aldirako Espainiako ekonomiaren nazioartekotzearen ekintza-planaren aurkezpen-ekitaldian parte hartu baino lehenago egin da, eta sailburuak euskal industriak 2020ko udaberrian Coviden krisiaren garairik gogorrenean izan zuen zeregina azpimarratu du.

Euskadiko automobilgintzako PERTEei laguntzeko lankidetza

Tapia sailburuak proposatu dio ministroari lankidetzan aurrera egitea automobilgintzaren sektorea eraldatuko duten proiektu garrantzitsuen garapenean eta posizionamenduan, bereziki lurralde bakoitzeko PERTE batek dakarren ekimen hirukoitzari erreferentzia eginez, hala nola Arabako Basquevolt Gigafaktoria, Bizkaiko ibilgailu elektrikoentzako Smart Factorya eta Gipuzkoako Mubil Elektromugikortasun Zentroa.

Nolanahi ere, sailburuak azpimarratu du komenigarria dela autonomia-erkidegoek parte-hartze handiagoa izatea Next Generation funtsen kudeaketan, Bruselak funts horiei ematen dien misioa lehenetsiz, eta horrek esan nahi du ikuspegi eraldatzailea eta lehiakorra izatea, eta irizpide horiek kohesio-irizpideekin nahastea saihestuz, helburu horretarako beste tresna batzuk ere badaudelako.

Era berean, etorkizuneko aeronautikako proiektuak errepasatu dituzte, baina sektore horren kasuan, krisi sakona dela eta, susperraldiari ekiteko beharra partekatu dute, finantzaketa-tresna espezifikoei oso lotuta dauden premiazko neurriekin. Ildo horretan, sailburuak Ministerioak eta SEPIk diseinatutako aerofondoan modu aktiboan eta «ekarpenez» parte hartzeko prest dagoela berretsi du; izan ere, Ministerioak eta SEPIk diseinatutako aerofondoan Eusko Jaurlaritzak ontzigintzaren sektorerako dagoen funtsarekin egiten duen moduan antolatu ahal izango luke bere lankidetza.

Arantxa Tapiak, halaber, industria elektrointentsiboaren lehiakortasunean eragin negatiboa duten kostu energetikoen inguruan duela hilabete batzuk Ministerioari bidalitako txostenaren ondorioak azaldu ditu. Euskadik berriz ere mahai gainean jarri du tarifen, kostuen eta neurri fiskalen politika bat diseinatzeko beharra, Alemania eta Frantzia bezalako herrialdeetan dagoenaren antzekoa, non kostu energetikoa lehiakorragoa den bere industriarentzat.

Euskal enpresa ekonomiaren nazioartekotzean

Ministroarekin bilera amaituta, Arantxa Tapia sailburuak 2021-2022 aldirako Espainiako ekonomiaren nazioartekotzea kudeatzeko planaren aurkezpenean parte hartu du. Pandemiaren faserik gogorrenean, 2020ko udaberrian, euskal industriak osasun premien zerbitzura egin zuen lana azpimarratu du Tapiak.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak itxi du ekitaldia, eta sailburuarekin batera ordezkari hauek parte hartu dute:

  • Reyes Maroto, Industria, Merkataritza eta Turismo ministroa
  • Maria Sol Baixauli, Baibor Rice&Foodseko bazkide sortzaile eta zuzendari nagusia
  • Antonio Garamendi, CEOEko presidentea
  • José Luis Bonet, Espainiako Ganberako presidentea

* Honekin batera doa Arantxa Tapiaren hitzaldi osoa