2020an erretzeari uzteko programetako parte-hartzaile kopurua hirukoiztu egin da

0

Datorren astelehena, maiatzaren 31, Tabakorik Gabeko Mundu Eguna izango da, eta Osasun Sailak eta Osakidetzak bat egin dute, aurten ere, egunarekin, bizi-ohitura osasungarriak izateko eta, zehazki, tabakoaren aurka borrokatzeko duen konpromisoaren adierazle gisa.

Prentsaurreko batean, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak jakinarazi du 2020an 7.820 pertsona tabakoa erretzeari uzteko Osakidetzaren programaren batekin hasi zirela; alegia, aurreko urtean (2.059) baino 3 aldiz pertsona gehiago. Gainera, 2020ko urtarriletik, Saila erretzeari uzteko medikamentuak finantzatzen hasi zen, eta horretarako inbertsioa ia 2 milioi eurokoa izan da.

Itziar Larizgoitia Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarekin eta Victor Bustamente Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendariarekin batera, Sailburuak oso positibotzat jo du tabakismoaren aurkako gizarte-kontzientziaziorako eta prebentziorako Osasun Sailetik, Osakidetzatik eta gizarte- eta osasun-agenteen aldetik egiten ari den lana; lan horrek parte-hartze handia ekarri du garatzen ari diren tabakoaren aurkako kanpainetan.

Gainera, egungo pandemia-egoeran, Sailburuak esan du erratzaileek arrisku handiagoa dutela COVID-19aren ondorioz sintoma larriak garatzeko eta hiltzeko. Gainera esan du ebidentzia zientifikoak zehazten duenez kea eta zigarreta-puntak kutsatzeko foku garrantzitsua direla eta, beraz, “gaur, sekula baino gehiago”, bizi-ohitura osasungarriak geureganatzea funtsezkoa dela, besteak beste: erretzeari utzi eta nikotina duten produktuak ez kontsumitzea, esaterako zigarreta elektronikoak eta antzekoak. Esan duenez, Osasun Sailak “kerik gabeko” hondartzen lehen esperientzia abiaraziko du, Euskadiko 5 udalerritan.

ERRETZEARI UZTEKO PROGRAMAK

Sailburuak jakinarazi du Osakidetzak tabakoa erretzeari uzteko eskaintzen dituen tresnetako parte-hartzea areagotu egin dela 2020an. Zehazki, 7.820 pertsonak hasi dute erretzeko ohitura uzteko tratamendua, betiere Osakidetzako profesionalek gainbegiratuta; alegia, aurreko urtean (2.059) baino 3,7 aldiz pertsona gehiagok. 2011tik, tabakoari uzteko tratamenduak hasi zirenetik, 34.454 pertsonak parte hartu dute Osakidetzaren programetan.

Erretzeari uzteko tratamendua hasi duten pertsonen artean, ez dago alde handirik gizonen (% 51) eta emakumeen kopuruaren (% 49) artean. Adinari dagokionez, % 60k baino gehiagok 40 eta 60 urte bitartean dituzte.

Gorakada hori honako hauen ondorio izan liteke: 2020an Osasun Sailaren kargura erretzeari uzteko tratamendu farmakologikoaren finantzaketa abian jarri izana; pandemia eta tabakoaren ondorio kaltegarriak koronabirusa hartuz gero, eta erakunde publikoek, besteak beste, kerik gabeko giroan bizitzeko sustatu duten gizarte-kontzientziazio handiagoa.

Osakidetzak zenbait tresna ditu erretzeari uzten laguntzeko. Bere programak teknologia berrietara eta egungo pandemia-egoerara egokitu ditu. 2020an, tabakoa erretzeko ohiturari uzteko bi metodo berri jarri ditu abian, eta horiek eraginkorrak direla egiaztatu da: batetik, terapia konbinatuaren programa; hartan, segimendu profesionalari “Bizi tabakorik gabe” mugikorretarako aplikazioaren erabilera gehitzen zaio. Eta, bestetik, onlineko taldeko esku-hartzea.

  • Terapia konbinatuko programa 2020ko uztailean hasi zen eskaintzen, eta osasungintzako profesionalek etengabeko segimendua dute hartan. Terapia hori osasunarekin zerikusia duen jokabidean aldaketak sustatzeko teknologiak duen eraginkortasunari buruzko ikerketa klinikoko azterlan batek babesten du, bai eta BioArabak eginiko aurretiko pilotu-proba batek ere, zeinak emaitza onak izan baititu.

Terapia hori egiteko, erreferentziazko Lehen Mailako Arretako profesional sanitarioek programan eman behar diote alta erretzaileari, eta, harrezkeroztik, APPa deskargatu eta tratamenduarekin hasi ahalko da. Mugikorreko aplikazioaren bidez, erre barik zenbat denbora egin den jakin daiteke, bai eta irabazitako egunak eta aurreztutako diru-kopurua ere, besteak beste. Parte-hartzaileak, gainera, gomendioak edo aparteko laguntza eska ditzake, erortze puntualen bat izanez gero edo antsietate-egoeretan.

  • Lineako taldeko esku-hartzearen eskaintza honako honetan datza: aurretik osasun-zentroetan egiten zen taldeko esku-hartzea plataforma digitaleko modalitate batera eramatea; plataforma horrek aukera ematen die terapeutei pazienteekin lineako elkarreragina izateko, denbora errealean. Helburua da joan-etorriak egiteko denbora eduki ezin duten edo osasun-zentroetara gutxiagotan joaten diren –besteak beste gazteak– pertsona guztiei tabakoaren tratamendua egiteko erraztasunak ematea.

Taldeko tratamenduak 5 saio ditu, eta saioetara telefonoaren, tabletaren eta ordenagailuaren bidez sar daiteke. Saioetarako baliatzen den plataforma digitalak, gainera, parte-hartzaileentzako ikus-entzunezko materiala du.

  • Gogorarazi behar da Osakidetzak banako tratamendua eskaintzen diola eskatzen duenari, eta doako telefonoa ere baduela; telefonoaren bidez, aholkularitza eta informazioa eskaintzen ditu tabakoa uzteko prozesuan (94-400-75-73)

 

MEDIKAMENTUEN FINANTZAKETA

2020ko urtarriletik, tabakoaren inguruko tratamendurako programetan parte hartzen dutenei, beharrizanik egonez gero, Champix® (Vareniclina) edo Zyntabac® (Bupropión) medikamentuak eman eta finantzatzen zaizkie. Zehazki, lehen urtean, 1,98 milioi euro bideratu dira programa horretara, eta lortu nahi zen ondorioa lortu da: milaka erretzaile tabakoa uztera animatzea. Tratamendua egunean 10 zigarreta edo gehiago erretzen dituztenei eta, gainera, Fagerström ≥7 testaren bidez kalifikatutako mendekotasun-maila dutenei zuzentzen zaie. Tabakoa uzteko tratamenduaren gehieneko iraupena 3 hilekoa da, eta, pazienteko, erretzeari uzteko urteko ahalegin bat finantzatzen da.

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak, bestalde, Osakidetzako profesional sanitarioek tabakoa uztea sustatzeko eginkizunetan duten konpromisoa nabarmendu du. Pandemiak ekarri duen lan-bolumena gorabehera, 2020an, 642 profesionalek gai horri buruzko prestakuntzarako tailerretan parte hartu dute, aurreko urtean baino % 21 gehiagok.

 

TABAKOAREN KERIK GABEKO HONDARTZAK

Tabakoaren Kerik Gabeko Euskadin aurrera egiteko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, aurtengo udan, lehen esperientzia bat abiaraziko du, Zumaiako Santiago eta Itzurun hondartzetara, Ibarrangeluko Laida eta Laga hondartzetara, Lekeitoko Isuntzara, Mundakako Laidatxura eta Burgeluko Garaioko iparraldera doazen pertsonak hondartzan dauden bitartean ez erretzera gonbidatzeko.  Proposamenaren helburua tabako-kontsumoa desnormalizatzea da, eta kerik gabeko giroa sortzea, adingabe ugari dituen aisia-ingurunean kontsumo pasiborik egon ez dadin. Gainera, ekimen honen bidez, zigarreta-puntak espazio horietan kutsatzeko objektu ohikoenak izan ez daitezen eta ingurunearen natura-erakargarritasuna areagotzen lagundu nahi da. 2021eko udan, proiektu-pilotua abiaraziko da udalerri horietan, 2022an Tabako Kerik Gabeko Hondartzen Euskadiko Sarea eratzeko asmoz.

Kerik gabeko hondartzen proposamenaren hasiera ekainaren 15erako programatu da. Osasuneko Sailburuak azaldu du ez dela zigor-ekimen bat, baizik eta banako konpromisoan eta kolektiboan oinarritzen den ekintza bat. “Hondartzara doazenek ingurune horretan ez erretzeko konpromisoa hartzeko gonbidapena da, helburu dugun kerik gabeko Euskadin aurrera egiteko”, esan du.

 

Bilbao, 2021eko maiatzaren 26a