Elkarlanean jardungo dute Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako gobernuak memoriaren, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariak, gaur goizean, lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Euskadiko Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako gobernuen artekoa, memoriaren, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arlokoa.

Nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren arteko Lankidetzako Protokolo Nagusiak, 2016ko maiatzaren 10ekoak, “Bakea, Bizikidetza eta Giza Eskubideak” izeneko jarduketa-eremua ezartzen zuen, bi gobernuek beharrezkotzat jo dute bakea eta bizikidetza finkatzeko beharrezkoak diren baldintzak sortuko dituzten programak eta ekintzak sustatzen elkarlanean jarduteko loturak bultzatzea. Hala, Ana Ollok eta Beatriz Artolazabalek, asteazken honetan, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Euskadiko Institutuan, beste lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute. Hitzarmen horrek “gure erkidegoen bizitzarako funtsezkoak diren bost gai ditu ardatz: memoria, biktimak, bizikidetza, giza eskubideak eta aniztasuna”, esan dute biek.

Zehazki, elkarlan hori honako eremu hauetan garatuko da:

  • Errespetua eta pertsonaren duintasuna eta giza eskubideen sustapena
  • Indarkeriari edozein ideia edo proiektu defendatzeko bitarteko gisa uko egitea eta zilegitasuna kentzea
  • Biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidea defendatzea
  • Memoria kritikoak bizikidetza eraikitzeko eta gure erkidegoetan sortutako giza eskubideen urraketa guztiak argitzeko duen eginkizuna.
  • Eta bakean eta errespetuaren, demokraziaren eta bizikidetzaren balioetan oinarritzen den kultura sustatzea.

Artolazabal sailburuak, indarkeriaren zikloa amaitu ondoren, zera azpimarratu du “bizikidetza da gaur egun gure helburu nagusia. Bizikidetza horrek esan nahi du indarkeriaren zentzugabekeriaren erabateko deslegitimazioa. Bizikidetza horrek esan nahi du bidegabea izan zela, inoiz ez gehiago. Bizikidetza horrek esan nahi du aitorpena, errespetua, elkarrizketa, enpatia, ezberdin pentsatzen eta sentitzen dutenen arteko interakzio anitzak, bakoitzaren ideien eta nortasun-sentimenduen kaltetan izan gabe, jakina. Eta XXI. mendeko bizikidetzak aniztasuna ere esan nahi du”.

Ollo kontseilariak bere aldetik, zera azpimarratu du: “hitzarmen honen hirugarren jarduera-eremua bizikidetzaren eta giza eskubideen ingurukoa da, eta bertan kokatzen da gaur egun Nafarroako Gobernua lantzen ari den Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa, erkidegoari lagundu behar diona aniztasunarekiko errespetuan; memoria kritikoa duen erkidego bat da, bizikidetza sustatzen lagunduko duena eta giza eskubideen urraketak ez errepikatzen eta helburu politikoekin indarkeria erabiltzeari zilegitasuna kentzen lagunduko duena”.

Memoriaren eremuan, elkarlana, nagusiki, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren Memoriaren Nafarroako Institutuaren eta Gogoraren bidez egingo da. Bi erakunde horiek errepresio frankistako biktimei buruzko informazioa trukatuko dute elkarrekin, DNAren bankuaren bidez eta dagozkien dokumentazio-zentroen bidez; memoria biltzeko eta babesteko eginkizunetan jardungo dute elkarlanean, baterako ikerketa-proiektuen bidez; memoria zabaltzeko proiektuak sustatuko dituzte eta, horretarako, erakusketak programatuko dituzte; hezkuntza-esparruan lankidetza-bideak abiaraziko dituzte eta, horretarako, zenbait proiektu emango dituzte ezagutzera, besteak beste Memoria duten Eskolak, eskola-trukeetarako eta belaunaldien artean memoria transmititzeko proiektuetarako bide emango dutenak; terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen ikus-entzunezko funtsa partekatuko dute, biktimek horretarako baimena ematen badute, betiere, eta eremu horretan bientzat interesekoa den edozein proiektutan eta ekimenetan jardungo dute elkarlanean.

Biktimei arreta emateko eremuan, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak eta Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuko Biktimei Arreta emateko Bulegoak hertsiki lan egingo dute. Elkarrekin hainbat ekintza garatu ahalko dituzte, besteak beste: biktimei arreta integrala emateko zerbitzuak; kalte-ordainekin eta prestazioekin zerikusia duten neurriak; biktimek ikastetxeetan parte hartzeko programak; biktimen eskubideen inguruko gizarte-sentsibilizazioko jarduera eta ekitaldiak; biktimen eskubideen alde lan egiten duten elkarte eta fundazioekiko lana, eta bientzat interesekoa den edozein proiektu eta ekimen berri.

Solaskide berek jardungo dute elkarlanean bizikidetzaren eta giza eskubideen eremuan, honako gai hauetan, besteak beste: bizikidetza-planak; Giza Eskubideen Agenda Globala; hezkuntza-programak; tokiko-erakundeekin batera bizikidetzaren aldeko ekimenak sustatzea; elkarte eta irabazi-asmorik gabeko erakundeekiko jarduketa-programak; giza eskubideen urraketei buruzko ikerketak; aniztasunaren kudeaketa publikoa; bakean eta giza eskubideetan oinarritzen den kulturaren arloko sentsibilizazioa; erradikalizazioa eta gorroto-diskurtsoak prebenitzeko programak, eta/edo alde bientzat interesekoa den edozein proiektu eta ekimen berri.