Emakunderen Nahiko hezkidetza-programari bultzada emango dio Eusko Jaurlaritzak

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburua eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Santurtziko Serantes ikastetxean izan dira gaur, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin eta Aintzane Urkijo udalerriko alkatearekin batera. Bertan, bertatik bertara ezagutu ahal izan dute Lehen Hezkuntzako ikasleek nola lantzen duten Emakunderen Nahiko hezkidetza-programa.

Nahiko hezkidetza-programak 18 urte bete ditu, eta denbora horretan Lehen Hezkuntzako ziklo guztietako 20.000 haur inguru igaro dira programa horretatik. Artolazabalek azaldu duenez, programaren helburua da «haurrek berdintasunarekin, errespetuarekin eta indarkeriarik ezarekin lotutako balioak barneratzea, eta balio horiek eguneroko gauza txikietara, hautuetara eta portaeretara eramatea».

Sailburuak azpimarratu du egindako ebaluazioek berretsi egiten dutela programan parte hartu duten haurren arteko harremanak hobetu egiten direla, berdintasunezko eta errespetuzkoagoak bihurtzen direla, eta, beraz, iragarri du Emakundek beste bultzada bat emango diola programari, hurrengo edizioan ikastetxe gehiagok parte har dezaten bertan. Programarekin bat egiten duten ikastetxeek bi ikasturtetan lantzeko konpromisoa hartzen dute. Edizio honetako azken bi ikasturteetan 49 ikastetxek (305 gela), 364 irakaslek eta 6.000 ikasle inguruk parte hartu dute.

Artolazabalek gogorarazi du Emakundek, sortu zenetik, hezkidetzaren aldeko apustua egin duela, gizartean nagusi diren zenbait balio aldatzeko funtsezko tresna estrategikoa dela sinistuta: «Ezinbestekoa da neska-mutilekin lan egitea mundua ulertzen hasten diren adinetan, gizartearen balioak eta arauak barneratzen hasten direnean; izan ere, badakigu berdintasuna irakasten ez bazaie, azkenean berdintasuna eza ikasten amaitzen dutela», adierazi du sailburuak, eta hezkidetzari dagokionez une garrantzitsuan gaudela gaineratu du.

Hala, azpimarratu du garrantzitsua dela Euskadin II Hezkidetza-plana, berdintasunaren eta tratu onaren bidean  izatea, Hezkuntza Sailaren gidaritzapean. Sailburuaren esanetan, «behar-beharrezkoa den tresna bat, berdintasunean oinarritutako hezkuntzan urrats garrantzitsuak emateko aukera emango diguna». Ildo horretan, positibotzat jo du Hezkuntza Sailaren eta Emakunderen arteko elkarlan estua plan horren ezarpenean aurrera egiteko.

Bestalde, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak esan du Nahiko Programa lerrokatuta dagoela Hezkuntza Sailaren Hezkidetza Planarekin eta, aldi berean, Hezkidetza Plana bat datorrela Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun Planaren ildoekin. Adierazi duenez, «denok bilatzen dugu helburu berbera eta eskutik helduta egin behar dugu lan”. Bildarratzen hitzetan, «azken urteotan gure gizarteak urrats handiak eman baditu ere norabide egokian, oraindik badugu zer egin, zer irakatsi. Hala ere, baikorra naiz. Belaunaldi berriek asko dute ikasteko, baina irakatsi ere asko irakatsiko digute «.

Bisitan, ikasleen eskutik, berdintasuna, errespetua eta indarkeriarik eza lantzen dituen programa honen barruan lan egin duten unitate didaktikoak ezagutu ahal izan dituzte. Hauetan, giza eskubideak hartzen dira oinarritzat, batez ere haien aplikazioa eguneroko bizitzan, eta emakumezko eta gizonezko ikasleak sozializatzen diren genero-rolen azterketa. Helburu nagusia da neska-mutilen erabateko garapen osoa sustatzea, beren ahalmen guztietan, sexua edozein dela ere, trebetasun maskulinoak zein femeninoak baloratuz.