Olatz Garamendik Itzarriren eginkizuna aldarrikatu du Euskadiko garapen eta suspertze sozioekonomikorako tresna gisa  

0

Olatz Garamendi Landa Itzarriko presidenteak Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen eginkizuna aldarrikatu du gaur Euskadiren garapen eta suspertze sozioekonomikorako tresna gisa, eta erakunde horrekiko konpromisoa berretsi du “ongizate orokorra eta inbertsioa indartzeko beste elementu bat delako”. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak azpimarratu duenez, Itzarri “gure adinekoen pentsioen etorkizunerako potentzial handiko tresna da, bai eta haien ongizatea sendotzeko ere”.

Gaur Gasteizen egin den Itzarriko Ohiko Batzar Nagusian Garamendik pentsioen sistema osagarriek egungo testuinguru sozioekonomikoan duten eginkizuna azpimarratu du, eta Itzarri bezalako erakundeen zeregina pentsio sistemak osatzea dela adierazi du. “Hor gara beharrezkoak eta gizarteari begira erabilgarriak. Ahalegin horretan Euskadik arlo horretan dituen eskumen eta aukera zabalez baliatu behar gara”, adierazi du asanbladako kideen aurrean.

Garamendik Euskadik gizarte aurreikuspeneko erakundeen arloan duen “posizio ona” azpimarratu eta hori bultzatzearen eta garatzearen alde egin du. Itzarri “adinekoen pentsioetarako potentzial handiko tresna” dela azpimarratu du. Adierazpen hauek Itzarriren Ohiko Batzar Nagusian egin ditu, erakundeak 2020. urteko kudeaketa balantzea aurkeztu eta onartzeko baliatu duena.

2020 pandemiak baldintzatutako urtea izan zen eta, halere, urteko errentagarritasun positiboarekin ixtea lortu zuen (+%1,41 T.A.E) eta 15,6 milioi euro ordaindu zien bazkideei erretiro-pentsioen osagarri gisa. Era berean, duela 16 urte erakundea sortu zenetik ekitaldia 823,6 milioi euroko ondarearekin amaitu zen, eta gizarte aurreikuspeneko euskal erakundeari lotutako bazkideen inoizko kopururik handiena lortu du, 109.369 hain zuzen.

Prestazioei dagokienez, Itzarri-k orotara 18,2 milioi euro ordaindu zituen: erretiroagatik, 15,6 milioi euro; ezintasunagatik, 1,6 milioi euro; heriotzagatik, 878.238 euro; eta iraupen luzeko langabeziagatik, 124.714 euro.

Itzarrik, 2020ko abenduaren 31n aurreko urtean baino 3.794 bazkide gehiago zituen, Euskadiko Administrazio Orokor eta Instituzionalari zegozkionak. Era berean, 72 milioi euroko hazkundea izan zuen ondarean eta joan den ikasturtearen amaieran 824 milioi euro kudeatu zituen.

Azken 10 urteetan, urteko batez besteko errentagarritasuna %4,54koa izan da eta jaio zeneko 2005eko apiriletik %3,90ekoa. Honenbestez, garai hartan Itzarri-n 1.000 euroko ekarpena egin zuen bazkideak 1.824 euro zituen 2020ko abenduaren 31n.