Josu Erkoreka: «Deigarria da bere burua Gobernuaren alternatiba gisa aldarrikatzen duen alderdi politiko batek bere herrialdeko erakunde nagusietako bati gorrotoa adierazteko mezu esplizituak bidaltzea»

0

Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburua, Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote Onda Vasca-ko “Euskadi Hoy” saioan, eta, bertan, gaurkotasuneko hainbat gai jorratu ditu.

Onda Vascari eskainitako elkarrizketan, Josu Erkoreka lehendakariordeak, ezker abertzaleko gazteek egin berri dituzten ekintzei buruz galdetu diotenean, adierazi du deigarria dela alderdi politiko batek bere burua Gobernuaren alternatiba gisa aldarrikatzea eta, aldi berean, bere herrialdeko erakunde nagusietako bati gorrotoa adierazteko mezu esplizituak bidaltzea. «Ez dut zalantzarik bere mezua gorrotoarena dela: argia da «denok gorrotatzen dugu Ertzaintza» zakur amorratu baten argazkiarekin», zehaztu du. Hala ere, «gorroto delitua den ala ez» epaileek erabakiko dutela esan du.

Segurtasun sailburuaren arabera, EAJrekiko gorroto guztia ezker abertzalearen ekintza politikoaren parte da, «aniztasun politikoarekiko eta autogobernuaren erakundeekiko intoleranteak dira». Gainera, Erkorekak zalantzan jarri du Hernaik EAJren eta Ertzaintzaren aurkako kanpaina bat martxan jarri ahal izatea, ezker abertzalearen onarpenik gabe. «ezker abertzaleko gazte ofizialak ez dira mugitzen adinekoen oniritzirik gabe», adierazi du.

Euskal gizartearen zati handi batek Ertzaintza arbuiatzen duela esaten zuten adierazpenen inguruan, Josu Erkoreka lehendakariordeak esan du «kritika ez dela zehatza», eta adierazpen horiek Ertzaintzarekiko gorroto-kanpaina bat ireki zutela gaineratu du.

Hala eta guztiz ere, sailburuak azpimarratu du euskal gizarteak oso positiboki baloratzen duela Ertzaintza; eta horren adibide da aurten bertan, Ertzaintzaren aurkako kanpaina betean, urtarrilean ia 7 mila gazte aurkeztu izana LEPera, «Inoiz baino pertsona gehiago».

Ezker abertzaleak aldarrikatzen duen polizia ereduaren inguruan, Josu Erkorekak aitortu du ez dakiela zein den ezker abertzaleak proposatzen duen eredu alternatiboa. Erkorekaren iritziz, ezker abertzaleak polizia-ereduari buruzko eztabaida guztia Ertzaintzaren jardueraren % 5era bideratzen du, «Ertzaintzak, polizia demokratiko orok bezala, hertsatzeko ahalmena erabili behar duen une eta egoeretara». Baina azpimarratu duenez, Ertzaintzaren lanaren % 95 laguntza-lana, erreskatea, delituaren jazarpena, tratu txarrak jasan dituzten emakumeen babesa eta abar dira.

Elkarrizketan zehar, Segurtasun sailburuak Joaquin Beltran agurtzeko atzo Zallan egindako hiletari buruz hitz egin du. Erkoreka sailburuak hiletan bilaketa taldeei (Ertzaintza, suhiltzaileak, 112 Sos Deiak, etab.) egindako eskertza aipatu du, eta, nabarmendu du, «arduraz eta konbentzimenduz lan egin dute».