Euskadiko Arkitektura Institutuaren Eileen Gray-ri buruzko erakusketa berriaren aurkezpenean parte hartuko du Etxebizitza sailburuordeak

0

Euskadiko Arkitektura Institutuak ostegun honetan, maiatzaren 27an, Eileen Gray arkitekto eta diseinatzaile irlandarrari eskeinitako erakusketa ireki du. Bere lehen eta garrantzi handieneko obran ardaztuta, Frantziako hegoaldeko kostan egin zuen E.1027 etxean, Arkitektura Institutuak mugimendu modernoaren aitzindariaren irudia berreskuratu nahi du. ‘Eileen Gray: E.1027 ‘Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen MUGAK Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Bienalaren hirugarren edizioaren aurreko erakusketa izango da. Euskadiko Arkitektura Institutua izango du ardatz Bienalak, eta bertan izango da MUGAKen erakusketa nagusia, Carme Pinòs arkitektoari buruzko erakusketa.

Eileen Grayren alderdi desberdinen inguruko gogoeta bat proposatzen da, altzari-diseinatzaile bezala egin zuen lan ezagunetik hasi eta berreskuratu berri den obra arkitektonikoraino, E.1027 etxea. Wilfried Wang, Texaseko Unibertsitateko irakasle eta arkitektoa, eta Carolina Leite, Oportoko Unibertsitateko irakasle eta arkitekto ikertzailea, dira erakusketaren komisarioak.

‘Eileen Gray: E.1027’k udako etxearen espazio esanguratsuena eta funtsezkoena du ardatz: logela nagusia, 1:1 eskalan birsortua jatorrizko materialekin ekoitzitako altzarien erreplikekin. Horrela, Euskadiko Arkitektura Institutuak herritar guztiei hurbildu nahi dizkie arkitekto horren lana eta balioak, globaletik zehatzera doan ibilbide baten bidez, Eileen Grayk modernitatearen aitzindari gisa arkitektura-arloan ere duen garrantzia ulertzeko.

1878an Enniscortthy herri irlandarrean jaioa, Eileen Grayk bere garaiari aurrea hartu zion. Slade School of Fine Art-en, Londresen, ikasi zuen eta 1902an Parisera joan zen, 1976an hil zen arte bere egoitza nagusia izan zen lekura. Bertan lakaren arte japoniarrean espezializatu zen eta bere lehenengo galeria ireki zuen. Parisen bere lehenengo lanak ere egin zituen, margolan edo interorismo diseinuetatik material industrialekin egin zituen altzari ezagunetara doazenak. Jean Badovici arkitektoa ezagutu zuenean arkitekturan arreta jartzen hasi zen eta, autodidakta bezala, 1926an bere lehen eraikin antologikoaren planoak proiektatu zituen: E.1027 etxea, Roquebrunen, Frantziako hegoaldeko kostaldean, eraikiko zuena.

Udako txaletak, estilo modernoa zuena, mugimendu honetako aitzindarietako bat bihurtu zuen Gray, Le Corbusierri berari inbidia eraginez. “Gray bigarren mailako pertsonaia bezala aurkeztu ohi da, baina bere diseinuen kalitatea modernitatearen maisu nagusien mailan dago”, azpimarratu du Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendariak, José Ángel Medinak.

1929an amaitua, Grayk diseinatu eta ordaindu zuen etxea, Mediterraneora irekitako eraikuntza sinple, funtzional eta arrazional bat da, bere ondorengo sorkuntzetarako manifestu bat izan zena. Grayk espazioa, argiaren igarotzea edo orientazioa bezalako kontzeptuak ikertu zituen bere lehen arkitekto lanari bizia emateko. Etxebizitzak altzariak diseinatzeko duen bizigarritasunari ere erreparatu zion, XX. mendeko ikono izaten jarraitzen duten piezak.

Etxea Le Corbusierrek bandalizatua -bere hormetan Grayren nahien aurka muralak margotu zituen-, II. Mundu Gerran arpilatua, abandonatua eta, ondoren, ahaztua izan zen. 2000. urtean Frantziako Monumentu Historiko izendatu zuten eta administrazioak erosi zuen zaharberritze prozesuari ekiteko; orain, urriaren 10era arte Arkitektura Institutuan ikusgai dagoen erakusketak gogora ekartzeko asmoa du.

Mundu mailako ibilbidea

‘Eileen Gray: E.1027’ arkitektura eta diseinuaren inguruko begirada desberdin eta aurreratuen aldarrikapena da, baita sektoreko emakume profesionalak ezagutarazteko apostua ere. “Grayk bere garaiari aurrea hartu zion, gaur aldarrikatzen diren ideiak planteatu baitzituen; adibidez, etxebizitzaren malgutasuna edo bertan bizi diren pertsonen beharretara edo bizi-aldietara moldatzea, eta elementu arkitektonikoak eta altzariak uztartuz praktikan jarri zituen”, balioztatu du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordeak, Pedro Jaureguik.

Espainiara lehenengo aldiz heldu da, Austingo (Texas) Mebanne Hall-erako diseinatua izan eta gero eta Berlingo Akademie der Künste eta Portoko Unibertsitateko Arkitektura Fakultatetik pasa ondoren. Wilfried Wangek eta Carolina Leitek komisariatutako egokitzapen berri honen bidez, gela honen papera azpimarratu nahi da, hau baita etxea artelan hutsa bezala ulertzeko funtsezko espazioa. “Etxebizitza ez da soilik gure behar praktikoen islada, baizik eta gure balio eta sineste kulturalena ere, baita errealitate historikoarena. Etxebizitzak gure errealitate intimo eta soziala nola ulertzen dugun islatzen du”, azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Harkaitz Millanek.

Ikerketa zehatz baten ondoren, Texaseko Unibertsitateko O’Neil Ford Arkitektura Katedraren eskutik, argazki eta dokumentu garaikideen bidez logela nagusiaren akabera, aplike eta altzari original guztiak berreskuratu eta berreraiki ahal izan dira. Horrela, Grayk espazio honetarako konfiguratu zuen giro zehatzean murgiltzeko aukera eskaintzen zaie bisitariei, Austin eta Portoko unibertsitateen eskutik ikus daitezkeen 25 pieza baino gehiagorekin. Gainera, Euskadiko Arkitektura Institutuak ekoiztutako bi pieza ere badaude, instalazioa osatzen dutenak.

Egindako ikertze lanaren prozesua eta emaitzak ere ikusi ahal dira, baita L’Architecture Vivante aldizkariaren irudi-orri originalak eta bere zenbaki monografikoaren berredizioa, proiektu hau lehenengo aldiz argitaratu zuena 1929an. “2015ean, Wilfried Wang-ek bere ikasleei etxea berreraikitzeko prozesuan laguntzeko erronka bota zien, Frantzian une horretan burutzen ari zena. Estudioaren helburua logela nagusia zen, bere hitzetan, Grayren kontzepzio arkitektonikoaren nukleoa baitzen. Emaitza logelaren eskala handiko birsorkuntza izan zen, gune horretarako diseinatutako 14 altzari pieza ezezagunekin batera” azaldu du Carolina Leite komisarioak.

Aurretiko bi aretok osatzen dute erakusketa, Eileen Grayren garaian eta irudian zehar globaletik zehatzerako ibilbidea eginez, Irlandako Museo Nazionala bezalako kolaboratzaileen eskutik. Lehenengoan, Eileen Grayren garaiari eta bizitzari buruzko ikus-entzunezko dokumentuen bilduma bat proiektatzen da; bigarrenak, berriz, 1:1 eskalako erreprodukzioaren aurrekari gisa balio du, bere pieza ezagunen bidez Eileen Gray nor zen azaltzeko.

Jardueraz beteriko programa

Publiko guztietarako proposamen desberdinek erakusketarekin bat egiten dute. Horien artean, bisitaria Grayren testuinguruan murgilduko duten bisita gidatuak (uztailan eta abuztuan, goizez) eta familientzako tailerrak (bi larunbat ekainan eta beste bi irailan).

Berritasun bezala, Euskadiko Arkitektura Institutuak, Eilas Querejeta Zine Eskolarekin batera, E.1027 bezalako udako etxeak protagonista izango dituzten filmaz osaturiko zine-programa eskeiniko du. Uztailaren 9tik abuztuaren 27ra arte, ostiralero, publikoak zinema gauez gozatu ahalko du.

Uztailaren 26an eta 27an, Institutuak ‘Género, arquitectura y vivienda’ UPV/EHUko Udako Kurtsoa hartuko du bere baitan. Kurtsoa Inés Sánchez de Madariagak, Hirigintzan eta Arkitekturan genero ikuspegian espezializatutako Unesco Katedraren adituak, koordinatuko du, eta lehen mailako hizlariak izango ditu.

Urriaren 10ean, igandea, ‘Eileen Gray: E.1027’ erakusketari agur esan eta MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren antolaketari ekingo zaio. Bienalak aurten hirugarren edizioa ospatuko du eta Euskadiko Arkitektura Institutua ardatz izango da berriz: eraikinak MUGAK-en erakusketa nagusia jasoko du, Carme Pinòs arkitektori buruzko erakusketa berri bat.