Formakuntza-jardunaldi bat antolatu du Eusko Jaurlaritzak salbamenduaren eta sorospenaren arloko profesionalei zuzenduta

0
PRUEBA

Euskadiko salbamendu eta sorospen zerbitzuetako hogei bat koordinatzailek parte hartu dute Segurtasun Sailak antolatuta egin den eta hondartzetako, urtegietako, erreketako eta igerilekuetako larrialdiekin zerikusia duten hainbat alderdi aztergai izan dituen formakuntzako  XV. Jardunaldi Teknikoan. Fernando Izaguirre Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak aurkeztu duen jardunaldia urtero egiten da, datorren ekainean zabaltzea aurreikusten den bainu-denboraldiaren aurretik.

Formakuntza-jardunaldia SOS Deiak zerbitzuaren Euskadiko Trafikoa eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egin da, Bizkaiko eta Arabako foru aldundietako eta Gasteiz, Donostia, Zumaia, Orio, Hondarribia, Mutriku, Getaria, Deba eta Zarauzko udaletako hondartza, erreka, urtegi eta igerilekuetako salbamendu eta sorospen zerbitzuetako koordinatzaileei zuzenduta.

Formakuntza ikastaroan Gasteizko Mendizorrotza eta Gamarra igerilekuetako koordinatzaileek ere parte hartu dute, eta hitzaldiak Ertzaintzako Aeronautikako eta Uretako Zaintza eta Erreskateko, Osakidetzako larrialdietako eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako adituek eman dituzte.

Hitzaldi horietan salbamendu eta erreskate lanekin lotutako gaiak izan dira hizpide, urpekaritzarekin eta helikopteroekin lotutakoak barne direla, bai eta herritarren babesa, muturreko meteorologia, era horretako agertokietan ohikoak izaten diren osasunaren arloko larrialdiak eta Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren itsasertzeko, erreketako eta urtegietako taktika operatiboak ere.